Historia egin du Realak
Egun historiko baten lekuko izan dira gaur Anoetan bildu diren 18.731 zaleak, historian lehen aldiz Reala Kopako finalerako sailkatu baita.
Egun historiko baten lekuko izan dira gaur Anoetan bildu diren 18.731 zaleak, historian lehen aldiz Reala Kopako finalerako sailkatu baita. Atletico Madril izango dute aurkari txuri-urdinek, Bartzelonari 2-0 irabazi ondoren.
Azkar aurreratu da markagailuan Reala, lehenengo minutuan sartu baitu partiduko lehen gola Kiana Palacios aurrelari txuri-urdinak, jokaldi kolektibo baten ostean atezainaren aurrean odol hotzarekin definituz. Zaleek, ordea, ez dute gola asko ospatzeko astirik izan, hurrengo jokaldian Realak defentsan huts egin baitu, eta Maddi Torrek bere atean sartu du gola.
Hala ere, Realak bere jokoa egiten jarraitu du eta Sevillari nagusitu zaio lehen zatian, andaluziarrek ezin izan baitute ia gol aukerarik sortu. Marta Cardonaren eskutik iritsi dira txuri-urdinen eraso jokaldi gehienak lehen minutuetan, ezker hegalean jokatu duen bitartean. Pixkanaka Nahikari Garcia protagonismoa hartzen joan da, eta bizpahiru aukera izan ditu gola sartzeko. Realaren bigarren gola, ordea, Carla Bautistak ezker hegaletik falta bat bota duenean iritsi da, Marta Carrasco atzelariak bere atean sartu baitu baloia.
Lehen zatian Reala nagusi izan baldin bada, bigarrena bakarrizketa bat izan dela esan daiteke, Sevillaren zelaian jokatu baita gehienbat. Talde andaluziarrak izan duen gol aukera ia bakarra Macaren oinetatik iritsi da, baina geldiketa bikaina egin du Mariasun Realeko atezainak.
52. minutuan iritsi da Realaren hirugarren gola, berriz ere falta baten jaurtiketaren ondoren, baina oraingoan Ane Etxezarretak bidali du baloia sarera. Festa bat izan da hortik aurrera Anoeta, Aitor Zabaleta Harmaila bereziki, hasieratik bukaerara animatzen egon baitira bertako zaleak. Momentu batzuetan estadioko gainontzeko zaleei ere animoa kutsatu die harmailak, eta 75 minutu aldera olatua egin du estadio guztiak.
Sevillak azken minutuetan gehiago estutu badu ere, larritasun gehiegi gabe bukatu du partidua Realak. Partidua bukatzean, Aitor Zabaleta Harmailara joan dira jokalariak eta, mikrofonoa hartuta, zaleekin batera abestu dute. Zaleak eta jokalariak bat izan dira gaurkoan. Historia egin dute jada txuri-urdinek, baina are eta historia gehiago aukera dute orain, Atletico Madrili irabaziz eta kopa Donostiara ekarriz.