Zezenketen inguruko galdeketa bat egiteko eskatu dute
Zezenketen inguruko galdeketa egiteko eskatu zioten atzo Eneko Goia alkateari Eguzki talde ekologistak eta Donostia Antitaurina Orain! plataformak, Nautikoko terrazan egindako elkarretaratzean.
Goia bete zure hitza! Galdeketa orain! lelopean egin zuten elkarretaratzea, eta alkateak legealdi hasieran emandako hitza ez duela bete salatu zuten. Izan ere, legealdi hasieran, Goiak esan zuen 2017ko otsailaren 19an zezenketen inguruko galdeketa bat egingo zuela hirian, baina Espainiako Gobernuak galdeketa bertan behera utzi zuen.
Eguzki taldeak eta zezenketen aurkako plataformak salatu dutenez, geroztik Goiak ez du “emandako hitza betetzeko inolako borondaterik erakutsi”. Bestalde, Udalak zezenketen inguruan egindako inkesta nabarmendu dute antolatzaileek, donostiarren %70a baino gehiagok zezenketen aurkako jarrera adierazi baitzuen bertan.
EAEko Auzitegi Nagusiak udal instalazioak Udalak kudeatzeko duen autonomia berretsi zuela gogoratu dute antolatzaileek, eta manifestua alkatea interpelatuz amaitu dute: “Alkate jauna, herritarron nahia ezagutzeko eta errespetatzeko bideak ezarriko zenituela agindu zenuen. Bete ezazu zure hitza!”.