Dbus-ek hamalau autobus hibrido gehiago ditu
Donostiako Tranbia Konpainiak 12 metroko hamalau autobus hibrido gehiago ditu. MAN etxearen Lion’s City NL Hibrido modeloak dira. Donostiako Udaletxearen atarian aurkeztu dituzte ibilgailuak.
Flota berritzeko planarekin aurrera jarraitzen du Dbusek. Aurkezturiko ibilgailuak zerbitzuan progresiboki sartu dira diesel autobus zaharrenen ordez. Iazko otsailaz geroztik Dbusek MAN etxearen modelo horretako lau autobus ditu.
“Igorpenak %25 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobusen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin duen konpromiso etengabea”, azaldu dute. Horrela, aurreikusten dute urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko dituztela.
Dbusek azken hamarkadetan egin duen autobus erosketarik garrantzitsuenetako bat da. Hain zuzen ere, 4.632.600 euroko inbertsioa egin dute.
Otsailean konpainiaren inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.