Aske geratu da Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona
Pasa den asteko ostiralera arte espetxean egon da Sara Majarenas donostiarraren alaba hiltzen saiatu zen gizona. Epaileak hura aske uztea erabaki du ikerketa “gehiegi” luzatzen ari zela argudiatuta. Autoan ere dio behin-behineko espetxealdia “salbuespen neurria” dela, eta soilik ezarri beharko litzatekeela “objektiboki beharrezkoa” denean.
Berria egunkariak jakinarazi duenez, urruntze agindua jarri diote erasotzaileari, eta zaintzapean daude Majarenas eta haren alaba. Era berean, fiskaltzak eskatuta auzi saioa egingo dute bihar, eta erasotzailea espetxeratzeko eskatuko dute bai hark eta baita Majarenasen abokatuak ere.
Duela bi urte eraso zion aitak labanaz Majarenasen alabari. Ondoren, gizonak bere burua entregatu zuen esanez haurra hil zuela. Larri zauritu arren, haurra bizirik jarraitzea lortu zuen. Gizonezkoa preso sartu zuten, eta Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) egon da joan den ostiralera arte.