Anoeta estadioko lanen "prekarietatea" egotzi dio Irabazik udal gobernuari
Amaia Martin eta Loic Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziek prentsa agerraldia egin dute Anoeta futbol zelaiko lanen “prekarietatea”, berriz ere, salatzeko. “Udal gobernua eta Anoeta Kiroldegia elkartea dira Anoeta estadioko lanen prekarietatearen erantzuleak. EAJk eta PSE-EEk ezin dute beste albo batera begiratu”.
Anoeta berritzen ari den enpresa multzoak –Moya eta Altuna y Uria eraikuntza enpresek osaturikoa– hainbat zigor jaso ditu hitzarmen kolektiboa ez errespetatzeagatik. Zigor ekonomikoa 250.000 euro baino gehiagokoa dela adierazi du Irabazik. “Langileekin duten zorra, berriz, 4,5 milioi euro baino gehiagokoa izan daiteke”.
Era berean, langileen baldintzak urratzen ari direla azpimarratu du Irabazik. “Kontratazio baldintzak ez errespetatzeaz gain, iruzurra egiten ari dira eta dokumentuak faltsutzen. Langileak orduko 5 eta 8 euroko soldata miserablea jasotzen ari dira, eta lan jardunaldiak gehiegizkoak dira. Hilero 100 ordu extra egiten ari dira, eta legeak dio 80 ordukoa dela muga”, azaldu du Alejandrok.
Otsaileko udalbatzarrera eramango du gaia udal taldeak eskaera zehatz batekin. “Udal gobernuak eta Anoeta Kiroldegiak enpresa multzoari exijitu behar diote langileei zor dieten dirua ordaintzeko”.