Donostia Wed In hiriko ezkontzen lehen azoka egingo dute asteburuan
Asteburu honetan, hilaren 23 eta 24an, Donostia Wed In hiriko ezkontzen estreinako azoka egingo dute Miramar Jauregian. Larunbateko jardunaldia ezkontzen sektoreko profesionalentzat izango da, eta igandekoa, publikoarentzat irekia –11:00etatik 20:00etara–, bikote ezkongaientzat. Azokaren sustatzaileak dira Donostia Turismoa eta Donostia Moda Klusterra.
Sektoreko 35 enpresek euren eskaintza komertziala aurkeztuko dute. Hala nola, emaztegai eta senargaien jantziak, dekorazioa, diseinua, coktailak eta jatetxe mailako azken joerak.
“Azken urteetan, hiria nazioarteko lehen mailako ezkontzetarako helmuga bilakatu da. Urtean milaka euro mugitzen dituen industriaren aurrean gaude, eta ezkontza horien premiak asetzeko gai diren tokiko hornitzaileen sarea sortu da”, azaldu du Ernesto Gasco alkateordeak. Donostia Turismoa erakunde publikotik argi ikusten dute lehen mailako azoka bultzatu behar dela. “Estatuko eta Frantzia hegoaldeko hornitzaileak etorriko dira. Horrela, ehungintza industriako funtsezko ardatza sustatuko dugu”, gaineratu du.