Giza Eskubideen Aldeko Baliabide Pedagogikoen I. Nazioarteko mintegia egingo dute
Aieteko Bakearen Etxearen Eskura Zentroak lehen jarduera publikoa egin du gaur. Hain zuzen, Giza Eskubideen Aldeko Baliabide Pedagogikoen I. Nazioarteko mintegia egingo dute gaur eta bihar, San Telmo Museoan eta Aieteko jauregian.
Eskura Giza Eskubideen aldeko Pedagogia Baliabideen Zentroa egiteko egitasmoa 2016an sortu zen Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren elkarlanaren bidez., Eneko Goia alkateak mintegiaren aurkezpenean adierazi duenez. Alkateak zehaztu duenez, mintegian parte hartuko dute Giza Eskubideekin lotura duten Europako hainbat pertsona esanguratsuak. Horrek, aukera emango du hausnartzeko eta aztertzeko Giza Eskubideen arloan sentsibilizazio handiagoa lortzeko moduen inguruan.
Mintegiaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusi Maribel Bakerok migrazioen gaiak duen garrantzia azpimarratu du: “Ezinbestekoa da migrazioa eta horrek dakarren kultur, hizkuntza, erlijio, eta identitate desberdinen kudeaketa demokratikoan erakunde publikoetatik, erakundeetatik, gizarte zibiletik, komunikabideetatik eta hezkuntzatik jardutea”.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi Jonan Fernandezek gogoratu du Eskura Zentroa giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen zentro bat dela. Fernandezen arabera, Eskura proiektuak hiru ardatz nagusitan definitu du bere jarduera programa: biltzea, sortzea, zabaltzea. “Munduan dauden pedagogia eta sormen baliabide onenak hurbiltzea da xedea. Giza eskubideen aldeko hezkuntza eta migrazioak lotzen dituzten nazioarteko zenbait esperientzia ezagutzea”.