Kazetariak eta politikoak, etsai minak
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria
‘THE FRONT RUNNER’
Zuzendaria: Jason Reitman
Urtea: 2018
Herrialdea: AEBak
Politikari baten bizitza pribatuak bere ibilbidean eragina izan beharko luke? Moralki gaizki ikusita dagoen jokabideak onargarriak dira zerbitzari publiko izango den horretan? Albisteak lortzeko edozer egin daiteke kazetaritzan? Non kokatzen da, bada, zilegitasunaren muga informatu nahi denean?
Galdera guzti hauek gure eguneroko nahasian gertatzen denaren inguruan egin daitezkeenak dira, eta ez da beti erraza izaten erantzunak aurkitzea. Egia esan, ez dago erantzun posible bakarra, edo hobe, ez dago erantzun zuzenik. Zuzentasunaz ari garenean zer den morala edo zer immoralaren arteko eztabaida amaiezinean murgiltzen gara, eta noski, jarrera hartze manikeoak alde batera utzita, argi dagoena zera da: inor ez da zuri edo beltz.
Jason Reitman zuzendari kanadarraren azken lanak, The Front Runnerek, politika eta kazetaritzaren arteko lotura estua du gaitzat eta hitz erdika edo itzulinguruka aritu gabe hasieran aipatu ditudan galderak mahaigaineratzen ditu. 1988ko Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi asmoz, Gary Hart (Hugh Jackman) demokraten hautagai izateko lehian hasi zen. Urte baten faltan inkestek ez zuten bakarrik bere alderdiaren primarioak irabaziko zituela iragartzen, estatubatuar hurrengo presidentea Hart bera bilakatu zitekeela zirudien baita ere (hortik dator filmaren izenburua, front runner=aurrean doana edo faboritoa). Filmak modu azkar eta eraginkorrean aurkezten digu Harten kanpainaren antolakuntza, bere laguntzaileen eta kanpainaren berri ematen ari diren kazetarien arteko giro ona ere erakutsiz. Hautagaiaren ibilbidea atzeko haizeak bultzatzen duela dirudi. Une idiliko horretan ustekabeko zerbait gertatzen da, eta Reitman zuzendariak bi minutuan Harten amildegi politikorako bidea maisuki laburtzen du. Miamin kanpainako atsedenaldi batean dagoela, Hart itsasontzi batera gonbidatzen dute (Monkey Business deiturikoa, azpijoko ingelesez, ezer onaren seinale, noski) eta bertan neska bat ezagutuko du (geroago eskandalua estalgabetzen denean Donna Rice deitzen dela jakingo dugu).
Reitmanek tresna soilak erabiltzen ditu nahi duena erakusteko. Hart eta neskaren arteko topaketan gizonaren aurpegi keinuak bakarrik ikusten ditugu, kontraplanorik gabe, neskaren identitatea ezkutatuz eta horrela Harten erakarpenaren eraikuntza denbora errealean agertuz. Gero, biak elkarrekin utzi ostean, elipsi zoragarri batekin beraien amodio-afera hasi dela argi izango dugu (yatea egunsentian urrunetik ikusten dugu, jitoan sekretuak gordez).
Hortik aurrera filmaren norabidea aipatutako politika eta kazetaritzaren arteko lotura zailak garatuko ditu, batez ere Harten afera berarekin doazen kazetari batzuek ikertzen dutenean. Ordura arte lagunak zituen bizpahiru egunkari (The Miami Herald eta The Washington Post, esaterako) etsaitzat hartuko ditu Hartek, eta nahiz eta aferari buruz ez hitz egiten saiatzen den, ezingo du gaia denbora luzez saihestu. Eta ez hori bakarrik, prentsaurreko nahasi baten ostean, Gary Hart konturatuko da bere bizitza pribatuan gertaturikoek ez diotela inoiz hautagai garbia izaten utziko eta horregatik bukaeran hautagaitzari uko egingo dio.
The Front Runner filmak bigarren mailako pertsonai ugari ditu baita ere, eta lortzen duten sinesgarritasuna gabe istorioa ez litzateke fin ibiliko. Bada, baditugu hainbat emakume: Lee Hart (Vera Farmiga), hautagaiaren emazte jasankorra; egoeragatik gailendua dagoen Donna Rice (Sara Paxton); edo Washington Posteko Ann Devroy kazetaria (Ari Graynor), Hartengan konfidantza osoa galdua duena. Beste gizonezko pertsonaia batzuk agertzen dira ere, baina aipagarri diren antzezpenak beti ziurtasuna ematen duten J. K. Simmons eta Alfred Molina lirateke, Bill Dixon kanpainaren zuzendari eta Ben Bradlee Whasington Postaren zuzendari ezaguna, hurrenez hurren.
The Front Runner ez da All the President’s Men (Alan J. Pakula, 1976) bezalako filmeen mailara iristen, baina erritmo dinamiko eta egokia erabiliz, Jason Reitmanek lan fina osatu du. Eta azken gogoeta bat, Gary Harten ibilbide politikoa amodio-afera batek betirako hondatu bazuen, berdina gertatuko al zen John F. Kennedyrenak zabaldu izan balira? Esaterako, Marylinekin izandakoa…