Joan Baez, Silvia Perez Cruz eta Martirio, 54. Jazzaldian
Uztailaren 24tik 28ra jazz doinuz beteko da hiria eta 54. Jazzaldiari hasiera emango diote nazioarteko musika panoramako bi izarrek. Hain zuzen, Joan Baez eta Jamie Cullum izango dira Zurriolako Agertoki Berdeko protagonistak, uztailaren 24ko arratsean.
Joan Baez, folkeko ahotsik errespetatuena izan da bere ibilbide guztian, eta herri musikako mito bilakatu da mundu osoan. Donostiakoa kontzertu gogoangarria izango da, izan ere, Baez bere agurreko biran dator hirira. Agertoki berean arituko da Jamie Cullum, jazzeko ahots ospetsu eta txalotuenetako bat. Donostiara maiz etorri izan da Essexeko artista, eta esan daiteke harreman berezia eraiki duela hiriarekin eta donostiarrekin.
Errepikatuko duen beste musikarietako bat da Silvia Perez Cruz katalana. Perez Cruzek 2015ean magiaz bete zuen Trinitate plaza eta aurten agertoki berean amaiera emango die Parte Zaharreko kontzertuei. Uztailaren 28an kontzertua egingo dut Toquinho brasildar gitarrista eta abeslaria eta Javier Colina nafar kontrabaxu-jotzailea lagun dituela. Trinitate plazako oholtzan egongo dira baita ere Houston Person eta Charles McPherson saxofonista beteranoak uztailaren 27an eta 28an.
Martirio abeslari huelvarrak Chano Dominguez pianistarekin batera grabatu duen diskoa aurkeztuko du Viktoria Eugenia antzokian. Diskoan Bola de Nieve kubatar musikariaren konposizioak bildu dituzte. Kursaaleko auditoriumeko protagonistetako bat izango da Joe Jackson eta bere azken diskoa aurkeztuko du 54. Jazzaldian egingo duen kontzertuan.
Europan jazzeko talde ezaguna den Eskandinabiako Atomic taldea Donostiara itzuliko da, hamar urteren ondoren, eta Norvegiako Trondheim Jazz Orchestrako 8 musikari gehitu dira taldera.
Moppa Elliott baxu-jotzailearen talde berriak, Unspeakable Garbagek, kontzertua emango du, baita John Zorn konpositore eta saxofoijole ezagunak ere. Zornek Bagatelles Marathon deitua egingo du, beste 30 musikarirekin batera, Kursaaleko auditoriumean, uztailaren 27an eta 28an.
Bertako artistek ere tokia izango dute 54. Jazaaldian, esaterako, Easo Abesbatzak. Duela gutxi aurkeztu da Japonia: Pianoa eta Gitarra izenburuko zikloa, eta Donostiako abesbatzak Eri Yamamoto eta bere hirukoek kontzertua egingo dute; Ai Kuwabara pianista, bakarka eta The Projectek, Fox Capture Plan hirukoak, Rei abeslari eta gitarristak, Yuki Arimasa pianistak eta Ryo Ogihara gitarra-jotzaileak osatutako duoak ere parte hartuko dute. Kontzertu horietatik gehienak, Eri Yamamoto pianistaren Goshu Ondo izan ezik, sarrera librekoak izango dira.
Sarrerak salgai
Gaur bertan, otsailaren 21ean, jarriko dira sarrerak salgai Jazzaldiaren webgunean eta Donostia Kulturaren helbide elektronikoan.
Abonu bat erosi ahal izango da Trinitate Plazako emanaldi guztietarako, eta beste bat Kursaaleko auditoriumeko lau saioetarako. Bi Bagatelles Marathon deituetara joan nahi dutenek eta Kursaalerako abonurik erosi nahi ez dutenek, bi ikuskizunetarako sarrerak erosteko aukera izango dute % 10eko deskontuarekin.
Viktoria Eugenia antzokiaren txarteldegietan eta Donostiako FNAC-en ere erosi ahal izango dira sarrerak eta abonuak.