Sara Majarenas eta alabari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute
Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona aske mantentzea erabaki du aste honetan Valentziako epaileak, eta erabakiaren gaitzespena adierazi eta ama-alabei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute.
Elkarretaratze jendetsua egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean Hau ez da justizia lelopean, Sara Majarenas eta haren alabari elkartasuna adierazteko. Preso ohiaren alaba hiltzen saiatu zen gizona aske mantentzea erabaki du aste honetan Valentziako epaileak. Behin behineko espetxealdia gehiegi luzatu dela argudiatuta hartu du erabakia, eta urruntze agindua eta kontrol telematikoa ezarri dizkio. Zaintzapean dira Majarenas eta alaba, eta Majarenasen abokatuak helegitea aurkeztuko du.
Sara Izarrekin plataformak deitutako elkarretaratzean salatu dute Espainiako sistema judizialak arrisku bizian jarri dituela Majarenas eta haren alaba, eta biak bortxakeria matxistaren biktimak direla gaineratu dute. Majarenasen espetxealdiko azken hilabeteetan Espainiako estatuak biengan eragindako sufrimendua gogoratu dute, izan ere, erasoaren ondoren, Majarenasek osorik bete behar izan zuen zigorra Madrilgo zentro batean, “alaba hil ala biziko egoeran zuenean ere”. Kritikatu dute beste behin ere “min egingo dietenaren beldurrez bizitzera kondenatu” nahi dituztela ama-alabak.
Sara Izarrekin plataformak arduraz jokatzeko eskatu dio euskal jendarteari, baita erakundeei ere: “Egoera honen aurrean elkartasunez jokatzea eskatzen diogu euskal jendarteari eta instituzioei, baita ulerkaitza den prozedura judiziala gertutik jarraitzea. Sara eta Izarrek euren bizimodua berreskuratzen segi dezaten, beldurrik gabe eta euren auzoan; etxean”.
Deialdiarekin bat egin du Intxaurrondoko Gazte Feministak taldeak eta Donostiako mugimendu feministak. Mugimenduak “erabat” gaitzetsi du epailearen erabakia eta salatu dute kasu honetan bi emakumeak jasaten ari diren indarkeria bikoitza, erasotzailearen eta erakunde publikoen aldetik. “Kasu honetan, gainera, ikusten dugu mendeku politiko bat dagoela atzean, Sara preso politiko ohia izanda”, adierazi dute. Emakumeak babesteko neurrien kontra agertu dira, izan ere, uste dute huts itzela dela babes poliziala erasotako emakumeei jartzea, “erasotzailea denean arazoa eta arriskua”.
Erakundeak: Eusko Legebiltzarra eta Donostiako Udala
Sara Izarrekin plataformak jakinarazi duenez Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzionala egin du gaur. EH Bilduren ekimenez aurkeztu eta PPk izan ezik alderdi guztiek babestu dute mozioa (EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk). Adierazpenean “Sara Majarenasi zein Izar bere alabari” babes osoa helarazi diete, eta indarkeria matxistaren biktima gisa onartu dituzte. Egoeraren aurrean “kezka” agertu dute, “indarkeria matxistaren biktima baitira eta euren biktimarioa aske geratu baita, prozeduraren instrukzioan egindako akats bat dela eta”. Gainera, “amaren zein alabaren segurtasuna eta osotasun fisiko eta psikikoa” bermatzeko “irekita dagoen prozedura judizialean beharrezko diren neurriak” hartzeko eskatu dute.
Era berean, jakinarazi dute Donostiako Udalari bilera eskatu diotela plataformakoek, prozedura judizialean izan dezakeen inplikazioa aztertzeko, eta ikusteko “zein aukera dauden bide judiziala agortu ahal izateko”. Gaineratu dute datozen orduetan egingo dutela bilera hori.