'Satisfaction', 54. Jazzaldiko kartela
Uztailaren 24tik 28ra jazz doinuz beteko du hiria 54. Jazzaldiak. Pedro Parragak eta Angel Cañok egindako Satisfaction kartela izango da aurtengo jazz jaialdiaren irudia. Kartelaren ilustrazioaren oinarria Jahmal Nicholsi, Gregory Porter-en kontrabaxu-jotzaileari egindako argazki bat da, 2017an 52. Heineken Jazzaldiaren barruan Trinitate Plazan egin zuten kontzertuan. Parragak Jahmal Nicholsi argazkia egin zion momentuan, musikaria ikus-entzuleen txalo-zaparrada jasotzen ari zen, solo distiratsu bat eskaini ostean.
Kartelaren errotulazioa, berriz, Eurosintesis diseinuko estudioan aritzen den eta jada esperientzia luzea duen Angel Cañoren ardura izan da.
Pedro Parraga izan zen, Antton Olariagarekin batera, 1986ko, 1987ko eta 1988ko Jazzaldietako kartelen egilea. 80ko hamarkadaren lehen urteetan hasi zen Jazzaldian argazkiak ateratzen, eta horregatik, hainbat argazki historikoz osatutako bilduma garrantzitsua du jada. Era berean, beste hainbat lanen artean, Cañok sortu zuen Zinemaldiaren 60. urteurreneko irudia, eta hainbat ziklotako kartelak egin ditu baita ere.