'Txori bat leihoan' erakusketa antolatu du Maite Gurrutxaga ilustratzaileak
Maite Gurrutxaga ilustratzailearen Txori bat leihoan erakusketa ikusgai egongo da Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, apirilaren 22a arte, eta Bozeto liburuek eta akuarelekin egindako ilustrazioek osatzen dute erakusketa. Katapulta plataformak eta Kutxa Kultur Fundazioaren laguntzarekin antolatu du erakusketa Gurrutxagak, eta, gaur arratsaldean, 19:30ean, egingo dute inaugurazioa eta artistarekin bisita gidatua.
Gurrutxagak azaldu duenez, Txori bat lehioan izenarekin bere prozesu kreatiboaren parte baten metafora bat egin nahi izan du, prozesuan “ideia baten zain” dagoen partearena, hain zuzen. Ilustratzaileak azaldu duenez, bozeto liburuek eta bidaia liburuek osatzen dute erakusketaren zati bat, bere bidaia eta bizipenetako ideiak biltzen dituztenak. Paper txikiekin, tintarekin eta akuarelarekin eginda daude bozeto eta bidaia liburu horiek.
Bestalde, ilustratzaile gisa hainbat libururentzako akuarelekin egindako jatorrizko ilustrazioek osatzen dute erakusketaren beste zatia. Izan ere, Gurrutxagak adierazi duenez, bere lanbidea ez da behar bezain beste ezagutzen, eta “ilustratzaile lana jendeari erakusteko” helburua du erakusketarekin. Artistaren aburuz, jendearen interesa piztu dezakeen erakusketa da, besteak beste, “jende zirkulazio handiko” gune batean dagoelako kokatuta.
Erakusketaz gain, beste proiektu batzuk ere baditu Gurrutxagak, Leo sabanako errege behin-behineko izena duen haurrentzako album ilustratuan lanean ari dela azaldu baitu. Akuarelazko ilustrazioak egiten ari da Gurrutxaga album ilustraturako, eta bere anaia Mikelena da testua.