Bi astez luzatuko dira Donostiako Inauteriak
Otsailaren 28an hasiko dira Inauteriak, Illunben egingo dute konpartsen aurkezpenarekin. Martxoaren 4an amaituko dira, baina auzoetan hilaren 16ra arte luzatuko dira, egun horretan egingo baita Bidebietako ohiko desfilea. Gaur aurkeztu dute udaletxean 2019ko Inauterietako egitaraua, eta parte hartu dute Edurnezuriz mozorrotutako Alfonso Gurpegi jaietako zinegotziak eta Donostia Festak saileko langileek, ipotxez mozorrotuta.
Illunbeko aurkezpena 21:00etan hasiko da, eta bigarren urtez grabatu eta zuzenean emango dutela jakinarazi dute. www.donostiakultura.eus/festak webgunean jarraitu ahalko da. Ekitaldi horretan, bukaera emango zaio Momo 2018 jainkosaren erreinaldiari (Amaia Diez, Intxaur Txiki konpartsakoa) eta Momo 2019 jainkosarena hasiko da (Maider Lopez, Denok Taldea konpartsakoa).
Era berean, Gurpegik aurtengo berrikuntzen berri eman du: Inauterietako jantzien Diseinuen I. Saria eta Loiolako Erriberan lehen aldiz egingo duten desfilea. Sariaren helburuak honakoak izango dira: tokiko merkataritza sustatzea, desfileetako protagonistek janzten dituzten mozorroen kalitatea hobetzen laguntzea, eta ekarpen txiki bat egitea dinamizazioan laguntzen duten jolas-ekitaldi jendetsuei. Epaimahaiak sarituen izenak erabakitzen dituen bitartean, iazko Aste Nagusiko Koreografia Lehiaketako lehen saria irabazi zuen Bamboo taldeak dantzaldia eskainiko du. Ikuskizunerako sarrerak astelehenean, otsailaren 25ean, jarriko dituzte salgai Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan, eta egunean bertan Illunben ere lortu ahalko dira.
Txikienentzat ere eskaintza zabala antolatu dute. Gurpeguik esan duenez, “bi haur-festa antolatu dira: lehena larunbatean izango da, Antzoki Zaharrean, haurrentzako gaur egungo musika eta pertsonaiekin. Jai horretara joateko gonbidapenak astelehenetik aurrera (hilaren 25a), Donostiako Festak bulegoetan (Konstituzio plaza, 1) eskuragarri izango dira. Bigarrena, igandean izango da, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza izandakoan. Festa horretan, haurrek janari desberdinak prestatu ahal izango dituzte, musikaren erritmora. Sarrera librea da”.
Otsailaren 28an, 19:00etan, Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak beteko dituzte Zubietako zanpantzarren zintzarri hotsek. Era berean, Eskola Goizaldi eta Trebeska dantza taldeak Parte Zaharrean barrena ibiliko dira. 20:00etan hiru dantza taldeek dantza emanaldia egingo dute Konstituzio plazan.