Bikoiztaileen haserre oihua
Maialen Goñi / Zinea.eus
Bikoizketarekin eta azpidatziekin lotutako aferak enegarrenez egin du eztanda sareetan. Oraingoan, Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideen erabakia izan da eztabaidaren jatorria: urtarril amaieran planto egin eta Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programarako zein EiTBrentzako bikoizteari uko egin zioten lan bolumena handitu eta baldintzak hobetu arte. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ardura EITBrena dela dio, haiek direlako bikoiztaileen zerbitzuak kontratatzen dituztenak, baina Bieusek laguntza eskatu dio Bingen Zupiriak gidatutako departamentuari.
Gatazka kokatzeko hainbat datu:
- 70 bat bikoiztaile profesional geratzen dira egun EAEn, eta erdiak, gutxi gorabehera, antolatu eta Bieuse elkartea sortzea erabaki zuen iragan urrian.
- Izan ere, 2012az geroztik %37 inguru jaitsi diete soldata.
- Horrez gain, urtean bikoiztutako ordu kopurua 1.000tik 100era, gutxi gorabehera, igaro da azken hamar urteetan.
- Ordu horien %20 (gehienez) Zinema Euskaraz programari eskaintzen diote, urtean hamabi film bikoizteko, eta gainerakoa EITBrentzat egiten dute.
- Egun enpresa bakarra arduratzen da euskarazko bikoizketaz, Mixer, eta EITBrentzat dihardu modu esklusiboan.
Bada, gu ere bat gatoz eztabaidaren antzutasuna agerian utzi dutenekin. Ez bikoiztaileen kexa gutxiesten dugulako, baizik eta surrealista samarra iruditzen zaigulako bikoizketaren eta azpidatzien onurak eta ekarpenak erkatzea, beharrezkoagoa zein dugun ondorioztatzeko. Biak ala biak dira funtsezkoak, hala nola, Zupiriaren taldeak 2017-2020 Euskararen Agenda Estrategikoan aurreikusitako 788.000 euskal hiztunen langara heltzeko, eta are gehiago, 25 urtetik beherakoen artean %75a euskalduna izatea nahi badute. Egungo euskal ekoizpenen kopurua horren txikia da, ezin diola herritarren eskariari erantzun.
Horregatik, euskaraz bikoizten jarraitzea eta azken urteetako esfortzuak (giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak) biderkatzea premiazkoa da, lehentasun handikoa. 90eko hamarkadara flashbacka egin beharko genuke, gutxienez. Eta egindako lana bistaratu, zabaldu eta eskuragarri jarri; bestela, zer zentzu du zinemetan astebete (kasurik onenean) egon ondoren, film horiek ikusteko aukerarik ez eskaintzeak? Bikoiztea ez baita garestia, halako jokaerek egiten dute karu. Ikus-entzunezkoen kontsumoa Netflix eta HBO bezalako plataforma multinazionaletan egiten den honetan, nahiko aldrebesa deritzogu film bat zinemetan hiltzen uzteari. Gainera, etxeko txikiek ez digute sekula esango filmetako protagonistek euskaraz egitea arrotza zaienik, ez behintzat euskaraz erdaretan adina kontsumitu badituzte. Guretzat, halaber, arrotzagoa da Doraemon eta Nobita gaztelaniaz entzutea euskara batuan baino. Baina gure pantailetan euskaraz egiten duten bakarrak marrazki bizidunak badira, eta hezur-haragizko gizon-emakumeek gaztelaniaz (eta ingelesez, frantsesez, alemanez… baina sekula ez euskaraz) egiten badute, euskarazko bikoizketa «kuriosoa» bederen iruditzea ez da harrigarria. Ez bikoizketaren kalitateagatik, heldu egin garen neurrian, ariketa hori egiteko tresnak ukatu dizkigutelako baizik.
Eta gauza bera azpidatziekin. Hizkuntza sormen lanen berezko nolakotasuna da, eta zeinahi arrazoirengatik aldatzen bada, izaera horren zati bat galtzen du lanak. Ulermenaren eta erosotasunaren mesedetan egindako egokitzapenak obraren osotasuna kaltetzen du, nolabait, eta azpidatziak telebista publikoan zein zinemetan normaltzea lortuko bagenu, egileen iruditerietara lasterbidea hartuko genuke. Eta hori sekulakoa da.