Egia guztia azaleratzeko bidean
Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako lehen salaketa 2013an aurkeztu zuten epaitegian, baina bere kasua ia oharkabean pasa zen hurrengo bost urteetan zehar. 20 urtez bere argazkilaritza estudioan eginiko hainbat sexu abusu leporatzen dizkiote. Otsailean, epaileak Cabezudoren aurkako lehen sententzia ezarri du.
Kote Cabezudo kasuaren inguruko datuak esanguratsuak dira: sexu abusuak salatu dituzten 22 pertsona, hirian ezaguna den akusatua, hamazazpi txostenetan banaturiko auzibidea, epaile aldaketa bat, ia sei urtez luzatu den ibilbide judiziala… Argazkilari donostiarraren aurkako lehen salaketa 2013an aurkeztu zen, eta, geroztik, auziak fase bat baino gehiago izan ditu. Azken atala hilabete honetan bizi izan dugu: Donostiako hirugarren instrukzio epaitegiak Cabezudoren aurkako lehen sententzia ezarri du, bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrarekin.
Hainbat pertsonen aurkako sexu abusuak leporatzen badizkiote ere (adingabekoak barne), sententzia hau bestelako delitu batengatik ezarri diote. Hain zuzen, bere aurka deklaratzera zihoan biktima bat mehatxatzeagatik kondenatu dute. Ez da bere delitu larriena, Cabezudori bortxaketak eta biktimen material pornografikoa Internet bidez zabaltzea egozten baitiote, besteak beste. Hala ere, lehenengo pausu bat dela azpimarratu dute biktimen babeserako plataformek. Justiziarako bidean, ordea, oraindik bidea luzea ibili behar izango dutela badakite: “Hau hasiera besterik ez da”.
Auziaren inguruan atentzioa ematen duen lehenengo gauza hainbeste urteetan zehar hain era diskretuan mantendu izana da. Hiriko hedabideentzako pertsona ezaguna zen arren, 2016ra arte Cabezudoren aurkako salaketak ez ziren albiste izan, eta gaia lehen aldiz jorratu zuen hedabidea ez da tokikoa. Sin Filtros atariak kasuari buruzko dokumentala argitaratu zuen urte horretako ekainean, Objetivo pervertido izenburupean. Lan horretan, hedabide espainiarreko kazetariek argazkilariaren hainbat biktimen testigantzak jaso zituzten, eta Cabezudo aurrez aurre elkarrizketatzera iritsi ziren. Elkarrizketatzaileen asmoak zeintzuk ziren sumatzean, ordea, argazkilariak elkarrizketa eten zuen.
Euskal hedabideek ez zuten gaia bi urte beranduagora arte jorratu, 2018ko maiatzera arte, alegia. Hilabete horretan, besteak beste, BERRIA egunkariak kasuaren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen, biktima baten testigantzarekin. Egun gutxira, maiatzaren 8an, Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak elkarretaratze jendetsu bat egin zuen Donostiako epaitegiko sarreran. Egun horretan, auziaren ardura hartu berri zuen epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion argazkilariari, eta prozesuak fase berri bati ekin zion.
Epaile aldaketa eta salatzaile berriak
2018ko martxora arte, Cabezudoren aurkako auzia Donostiako laugarren instrukzio epaitegiko epailearen eskuetan egon zen. Bost urteko prozesuan, akusazioaren eta Perez Asenjo epailearen arteko desadostasunak ugariak izan ziren. Mario Diezek, biktimen abokatuak, bederatzi aldiz eskatu zuen Cabezudoren aurkako behin-behineko espetxeratzea, baina epaileak eskari guztiak gaitzetsi zituen. Gainera, Cabezudoren hainbat biktimak salatu dute epaiketan zehar gaizki tratatuak izan zirela, eta haietako batek epaiketan “bigarren aldiz bortxatua” sentitu zela adierazi zuen.
Diez epailea salatzera iritsi zen 2015ean, asmo txarrez jokatzen ari zela uste zuelako, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen kereila onartu. 2018ko azaroan, ordea, defentsaren abokatuak bigarren salaketa jarri zuen Perez Asenjoren aurka, Cabezudok bere biktimen argazki eta bideoak Internetetik erretiratu zituela ez ziurtatzeagatik. Auzitegi Nagusiak bigarren kereila hura tramitera onartu zuen; hori dela eta, epaileak kasuan jarraitzeari uko egin behar izan zion.
Donostiako hirugarren instrukzio epaitegiko Julian Garcia Marcosek hartu zion lekukoa Perez Asenjori, eta bi hilabetera, Cabezudo behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen. Epaile aldaketa egin zenetik, eta kasuak oihartzun handiagoa izan duenetik, argazkilaria salatu duten emakumeen kopurua igo egin da, hamaseitik hogeitabira.
Egia guztia azaleratzeko beharra
Kote Camacho zinemagilea Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia taldeko kidea da. Auziko lehen sententzia neurri positibotzat jo badu ere, botere judizialarekiko fidagaitz agertu da: “Positiboa da, noski, baina garbi daukat edozein kondena atzera bota daitekeela. Hain zuzen, lehenengo epaileak eraginak jaso ditu”.
Zentzu horretan, Cabezudoren kasua icebergaren punta besterik ez dela eman du Camachok aditzera, argazkilariaren atzean jende boteredunez osaturiko sare bat dagoela nabarmenduz: “Udaleko politikariak beldurrak akabatzen ikusi ditut kasuari buruz hitz egiterakoan, eta gaia estaltzeko etengabeko saiakerak egon dira”.
Hedabideei dagokionez, Cabezudo kasuari buruz apenas hitz egin dela dio Camachok, eta gaia jorratu duten gehienetan, kazetariek “errealitate desitxuratuak” aurkeztu dituztela azaldu du. Horren harira, biktimek erabateko justizia izan dezaten, gizarteak kasua ezagutzea ezinbestekoa dela zehaztu du plataformako kideak: “Gaian sakondu nahi ez izatea orain arteko isiltasunari jarraipena ematea da”.
Kasuak epaitegian aurrera egiten jarraituko du datozen hilabeteetan, eta epaileak Cabezudori ezarri dion lehen zigorrari beste espetxe zigor gehiago batu ahal izango zaizkio. IRUTXULOKO HITZAk jakin ahal izan duenez, datorren astean beste biktima batek 23. salaketa jarriko du argazkilariaren aurka. Biktimen babeserako elkarteek, ordea, Cabezudok erasotako 50 pertsona baino gehiagoren kasuen berri izan dute.