Esku-hartze sozialeko langileen asanblada sortuko dute
Esku-hartze sozialeko langileek bilera bat deitu dute datorren astelehenerako, sektoreko langileak batuko dituen asanblada bat sortzeko helburuarekin. Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazioari begira indarrak batzeko asmoz mobilizatuko dira.
Bileraren berri emateko aurkeztu duten idatzian, langileek jasan ditzaketen murrizketen aurrean antolatzeko beharra azpimarratu dute:
Foru Aldundiek inoizko diru-kopururik handiena biltzen duten garai honetan, ustez irabazi-asmorik gabeko patronala den Hedatzen-ek lan-baldintzetan atzera egitea proposatzen du:
- Aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturala hitzarmenetik kanpo uztea.
- Probaldia 3 hilabetetik 6 hilabetera luzatzea.
- Hirurtekoak ezabatzea (2018. urtera arte sorrarazitako antzinatasuna osagarri pertsonal bihurtuko litzateke eta hitzarmen honetan % 0,5 handituko litzaieke langile guztiei antzinatasuna finkatzeagatik).
- Bajaldian ordainsaria murriztea (soldataren % 100 hasierako 9 hilabeteetan, eta soldataren % 80 lantokian bajan dauden langileak plantillaren % 15 gainditzen badute).
- Igande eta/edo jaiegunetako plusaren eta gaueko plusaren arteko bateraezintasuna.
- Lan Batzordeak desagertzea (SAT, dedikazio berezia, gauetako lanen pleguak).
- Zigor-erregimena gogortzea (ezarritako zigorra denbora gehiagoz agertzea espedientean).
- Soldata: 2019an % 0, 2020an, 2021ean eta 2022an % 33 2018ko KPIa + aurreko urteko KPIa
- Eta murrizketa gehiago…
Proposamen horiei aurre egin eta negoziazioetan pisua izan dezakeen “langileen mugimendu propio, irmo, antolatu eta horizontala” sortzea bilatuko dute astelehenean. Bilera Tabakaleran egingo dute, bi une desberdinetan: 10:00etan eta 16:30ean. Egitasmoaren sustatzaileek bideo bat egin dute ekitaldia aurkezteko.
#eskuhartzesozialaborrokan! pic.twitter.com/34BYhqfC8b
— Eihar (@Ei_h_ar) February 20, 2019