Inkesta: Emakumeen futbola
Euskara ikasten ari diren pertsonei protagonismoa eman eta hizkuntza arlo praktikora eramateko asmoz, hilabetero Donostiako euskaltegi bati inkesta bat egiteko konpromisoa hartu du IRUTXULOKO HITZAk. Kazetariek eta ikasleek gaurkotasun-gaien inguruan solas egiteko espazioa sortzeko asmoz, tokiko hedabidea Amara Berriko AEKren egoitzara joan da hilabete honetan. Emakumezkoen futbola gai gisa hartuta, hurrengo bi galdera egin zaizkie ikasleei:
- Zer iruditzen zaizue emakumeen futbolak izan duen hazkundea?
- Zein neurri har ditzakegu kirola indartzen jarraitzeko?
1 – Ondo goazela iruditzen zait, baina indartzen jarraitu behar dugu. Publizitate gehiago egin behar diogula uste dut. Eta ez bakarrik emakumezkoen futbolari. Donostian, esaterako, baditugu eskubaloian eta hockeyan oso onak diren beste talde batzuk.
2 – Gizonen futboletik haragoko informazioa jasotzeak lagunduko lieke herritarrei beste kiroletara hurbiltzen. Hedabideetan futbola ez den kirolei lekua egitea da har dezakegun neurri eraginkorrena.
Kevin Darnell (Loiolako Erribera)
1 – Emakumezkoen futbolak jasan duen hazkundea nabarmena izan da, eta hazten jarraitzea espero dut. Hala ere, beste kirolak ere sustatu beharra dagoela uste dut.
2 – Ni estatubatuarra naiz, eta nire herrialdean ez dago hemen futbolak duen protagonismoa duen kirol hegemonikorik. Horrek ahalbidetu du kirol bakoitzak bere lekua izatea, eta jarraitu beharreko bidea dela uste dut. AEBetako emakumezkoen ligak indar handia dauka.
1 – Azken urteetako hazkundea oso positibotzat jotzen dut. Hala ere, gizartean gizonen futbolak duen leku bera izatea oso zaila iruditzen zait, atzetik interes asko daudelako. Urte dezente beharko dira helburu horretara heltzeko.
2 – Herritarrok, zale gisa, kirolaren indartze prozesu horretan ardura handia dugula iruditzen zait. Partidak ikustera joateko pausoa emanez gero, emakumezkoen futbola are gehiago sendotzen lagunduko genuke.
Gabri Garzarain (Parte Zaharra)
1 – Duela urte gutxira arte, nik ez nuen Realeko emakumezkoen taldea ezagutzen. Azken urteetan, hori aldatu egin da, kirolaren aldeko apustua egin delako. Hala ere, hau guztia moda bat ez izatea eta denborarekin indartzen jarraitu dezala espero dut.
2 – Anoetan bildutako jendetza pozgarria eta aberasgarria da, baina agian garrantzitsuagoa da horrek astero jarraipena izatea, horrenbeste jenderekin ez izan arren.
1 – Bide onetik goazela iruditzen zait. Emakumezkoen futbolean izan den aldaketa hau gizartean gertatzen ari den prozesu baten ondorio da. Hala ere, garbi dago oraindik parekidetasunetik oso urrun gaudela.
2 – Ezinbestekoa da haurrek txikitatik euren aukeretan sinestea. Horretarako, erreferenteak izatea oso garrantzitsua da. Ongi egongo litzateke emakumezkoen ligako futbolari batzuen irudia indartzea, horien bitartez kirola sustatzeko.
Agustin Merino (Loiolako Erribera)
1 – Niretzat, kirola kirola da, eta zelai jokoan daudenak jokalariak dira, izan emakumezkoak edo gizonak. Garrantzitsuena bakoitzak bere kirola egiteko eskubidea izatea dela uste dut, zale kopuruari horrenbeste erreparatu gabe. Izan ere, zentzu horretara bideratutako hazkunde batek arazoak ere ekarri diezazkioke kirolariei.
2 – Ondo egongo litzateke gizonezkoen futbolean dagoen dirutza gainerako kirolen artean banatzea.