"Kasu hau ezin da oharkabean pasa"
Kote Cabezudok erasotako hainbat pertsonen testigantzak gertutik ezagutu ostean, Bidasoaldeko Elkarte Feministak argazkilari donostiarraren biktimei babesa eskaintzeko eta euren kasua gizartean ezagutzera emateko konpromisoa hartu du. Maritxu San Pedro Saenz (Deustu, 1949) elkarteko kidea da, eta kasua bide onetik doala uste duen arren, alde ilunak ere ikusten dizkio.
Zerk eraman zintuzten Cabezudo kasua jarraitzera?
Azaroan, sexu abusuak jasan dituzten pertsonei babesa adierazteko elkarretaratze bat egin genuen Irunen. Zuen ahotsa gara lelopean bildu ginen, bizitako traumengatik euren erasotzaileak salatzera ausartzen ez diren pertsonei laguntza eskaintzeko. Horren harira, Kote Cabezudoren bi biktimak guregana jo zuten euren kasuak azaltzeko, eta hutsune ulertezin batekin egin genuen topo. Izan ere, guk dakigula, ordura arte ez zen babesa eman zien inolako erakunderik egon, feminista izan edo ez. Hori dela eta, guk hasieratik garbi adierazi genien ordutik aurrera alboan izango gintuztela.
Zer pentsarazi zizuen hutsune horrek?
Asko harritu gintuen. Argazkilaria ezaguna zen, eta halako kasu izugarri baten aurrean gaia horren gutxi jorratu izana ez genuen ulertzen.
Kasu honen atzean azaleratu ez diren gauzak daudela pentsarazten dit. Alegia, Cabezudoren inguruko pertsonei buruzkoak. Horri buruz, noski, ezin dut ezer gehiago esan, ebidentziarik ez daukadalako.
Beste elkarte feministaren bat jarri al da zuekin harremanetan?
Nik talde desberdinei pasa nien gaiari buruzko informazioa, baina egia esateko, orain arte ez dut erantzunik jaso. Hala ere, egon dira Donostiatik gure elkarretaratzeen berri izan eta batu egin zaizkigun pertsonak.
Zer nolako kasuekin egin duzue topo?
Gertutik hiruzpalau kasu ezagutu ditugu gure bulegoan. Beraiek eta beste hainbat pertsonek Cabezudoren aldetik jasan dutena izugarria izan da. Gainera, abusuak egin zizkienean, biktimetako asko adingabeak ziren. Jasotako traumengatik, beldurragatik eta lotsagatik, isilik egon dira urte askoan, eta orain arte ez dira hitz egitera ausartu, beraiengan nolabaiteko erruduntasun bat sentitzen zutelako.
23 pertsonak salaketa jartzeko pausoa eman dute. Haietako batzuek epaiketan zehar ere une latzak bizi izan zituztela salatu dute.
Hori da esan digutena. Sexu erasoak jasan dituzten pertsonekin harremanetan egongo den epaile orok bere lana behar bezala egiteko formakuntza egoki bat jaso beharko luke.
Maiatzean, ordea, epailea aldatu zuten eta, egun gutxira, Cabezudo espetxeratua izan zen. Kasua argitzen jarraitzeko itxaropen gehiago duzue orain?
Gu biktimei babesa eman eta behar duten guztiarekin laguntzeko gaude hemen, eta guretzat garrantzitsuena da beraiek ondo sentitzea. Zure galderari erantzunez, epaiketari dagokionez itxaropentsu daudela helarazi digute beraiek, eta guk gure egiten dugu sentimendu hori.
Epaiketako lehen sententzia ezagutu dugu otsailean. Nola jaso zenuten albistea?
Behingoz zerbait lortu dela ikusi dugu horrekin. Ez da nahikoa, noski, eta gainerako sententzien zain geratuko gara. Baina, momentuz behintzat, bada zerbait. Bide luzea izango dela bagenekien, eta pausoak ematen ari gara. Hala ere, egoerak bere alde ilunak ditu: Cabezudoren hainbat delitu preskribatu egin dira, aspaldian egin zituelako. Oso gazteak zirenean bizitako traumarengatik, hainbat biktima ez dira orain arte argazkilaria salatzeko gai izan, eta orain beranduegi dela esaten zaie. Hori ez zaigu ongi iruditzen, eta horregatik gaude sexu abusuen preskribatzeen aurka.
Ibilbide judiziala aurrera doa. Zein irakurketa egiten duzue kasuaren oihartzun sozialaren inguruan?
Jarraitu beharreko bi bide argi daude: judiziala, batetik, eta soziala, bestetik. Bigarrenari dagokionez, guk garbi daukagu elkarretaratzeak eta hitzaldiak antolatzen jarraituko dugula, larritasun honetako kasu bat ezin baita oharkabean pasa. Biktimek jasan duten min guztia ikusita, hori erabat onartezina da.