Mende erdia auzotarrak hezten
Hiriko hainbat ikastolen moduan, 50 urte bete ditu ikasturte honetan Intxaurrondoko ikastolak. Auzoan egonkortutako eskola da gaur egun, eta mende erdia ospatzeko askotariko jarduerak antolatu dituzte aurten.
Historian mende erdia atzera egiten badugu, Intxaurrondoko ikastolaren hastapenekin egingo dugu topo. 60ko hamarkada garai gogorra izan zen euskal herritarrentzat, izan ere, Frankoren diktadura pil-pilean zegoen eta haren politikak Euskal Herria eta euskararen kontrakoak ziren. Testuinguru horretan gaur egun Intxaurrondoko ikastola denaren haziak landatu zituzten auzoko hainbat guraso eta auzotarrek. Horietako bat da Maite Berzosa ikastolako irakasle ohia. Berzosak azaldu duenez, 23 ikasle izan zituen lehen taldeak, eta orduan, Gure Nahia izena zuen ikastolak. Zailtasunak zailtasun, gurasoek eta auzokoek egindako lanari esker aurrera atera zen proiektua, eta aurten 50. urteurrena ospatzeko jarduera ugari antolatu dituzte ikastolakoek. Alaitz Guridi da gaur egun ikastolaren zuzendaria, eta ikasturtean zehar prozesu horretan parte hartu dutenen lana, borondatea eta esfortzua omendu eta 50. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten jardueren berri eman digu.
2018-2019 ikasturtearen hasieran erromeria eta kantu jira egin zituztela azaldu du Guridik, ospakizunei hasiera emateko: «Aurretik deialdi bat egin genuen eta taldetxo bat elkartu zen dantzak ikasteko. Talde horrek hartu zuen erromeria gidatzeko ardura baina jende askok hartu zuen parte». Ikastolan bertan egin zuten erromeria eta auzoko kantu jirako taldearekin batera kantuan ibili ziren auzoan zehar.
Joan diren hilabeteetan jarduera gehiago antolatu dituzte, adibidez, Uliatik mendi buelta bat urrian. «Bi ibilbide egin genituen: bat familia eta umeentzat, eta beste bat zailtasun handiagoa zuena. Familia asko etorri ziren eta ikasle ohiak etortzera gonbidatu genituen», azaldu du zuzendariak. Halaber, azaroan bertso afari bat antolatu zuten, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin.
Era berean, Guridik kontatu du urtero antolatzen dituzten jarduerei ukitu berezi bat eman nahi izan dietela aurten, eta auzotarren, gurasoen eta ikasle ohien parte hartzea sustatzen saiatzen ari direla. Horretarako, abesti bat grabatu dute ikastolaren ibilbidean zehar protagonistak izan diren pertsona askoren parte hartzearekin. Gainera, musika Koldo Soret ikasle ohiarena da, egun Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko musikariarena, eta letra Karlos Aizpurua irakasle ohiak idatzi du.
Erakusketa bat prestatu dute ikastolaren ibilbidea jasotzeko, eta Intxaurrondoko kultur etxean egongo da ikusgai maiatzean zehar. «Ikasturteari amaiera emateko, kontzertu bat, poteoa eta bazkari herrikoi bat antolatuko ditugu», gaineratu du Guridik.
Auzoko ikastola
60ko hamarkadan hezkuntza euskalduna sustatzeko egitasmoak sortzen hasi ziren Euskal Herriko hamaika txokotan, eta Intxaurrondon ere, hainbat gurasoren ekimenez Gure Nahia ikastola martxan jarri zuten 1968-69ko ikasturtean. Berzosak azaldu duenez, adin askotariko 23 haurrek osatu zuten lehenengo gela, Lizardi Aldapako eraikin batean. «Hasierako andereñoek ez zeukaten titulurik, baina euskara oso ondo menperatzen zuten eta irakasle espiritua zuten», esan du Berzosak.
Hurrengo ikasturtean ikusi genuen proiektuaren ondorioa oso positiboa izaten ari zela, eta familia gehiagok erakutsi zuten bat egiteko asmoa» kontatu du Berzosak. 1970an eskolaurreko taldeak legeztatu zituzten, baina baimenik gabeko OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) ereduko lehenengo eta bigarren mailak ere martxan zeuden. Horrek proiektua arriskuan jartzen zuela aitortu du irakasle ohiak, baina hala ere aurrera jarraitu zuten.
Intxaurrondon ez ezik, inguruko auzuneetan ere antzeko egoerak suertatzen ari ziren, eta 1974an Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko ikastoletako partaideek koordinazio talde bat osatu zuten. Baturaren ondorioz sortu zen Herri Ametsa ikastola, OHO egin behar zuten ikasleei ikasten jarraitzeko aukera emateko. Eskolaurre guztiak bateratzeko ideia bueltaka ibili zen garai hartan, baina Berzosaren arabera, Intxaurrondoko gurasoek asanblada bat egin zuten 1979an, eta erabaki zuten ahalegina egingo zutela Intxaurrondokoa auzoan gelditzeko.
Gorabehera askoren ondoren, 1980an Intxaurrondo ikastola sortzea erabaki zuten gurasoek, bi eta sei urte bitarteko 51 haurrekin. «Gotzon Etxarri eta biok izan ginen etapa berri hau ireki genuen irakasleak», gogoratu du Berzosak. Hala ere, 1986-87 ikasturtean legeztatu zen ikastola eskolaurre eta OHOko zentro gisa.
Ikastolaren ibilbidean zehar, eskolak egiteko espazioa eta arazo ekonomikoak izan dira zailtasun gehien eragin dutenak. Hain zuzen, ikastolaren egoitza auzoko hainbat lokaletan egon da kokatua, besteak beste, Don Boskoko lokaletan, Urdintxo Etxean, Letamanen eta Lamorouseko eraikinean.
«1983an Euskal Eskola Publikoaren aldeko mugimendua indarra hartzen hasi zen, eta gu ere ildo horretan abiatu ginen», adierazi du Berzosak. Intxaurrondo ikastola sare publikoan sartu zen orduan. Urte batzuk beranduago, Eusko Jaurlaritzak gaur egungo eraikina egin zuen eta 1966an estreinatu zuten.
Berzosak eta Guridik nabarmendu dutenez, auzotarren inplikazioa beharrezkoa izan da ibilbide osoan zehar. «Auzoko eragileen eta auzotarren inplikazioa ezinbestekoa izan zen ikastola aurrera ateratzeko», baieztatu du Berzosak. Auzoan ikastolaren espiritua islatzeko garrantziaz jabetuta, eta ikusgarri egiteko asmoz kultur etxeak sortutako talde eragile batean parte hartzen hasi ziren auzoko beste talde batzuekin: auzo elkartea, mendi elkartea, eta abar. «Talde horrek antolatzen zituen jardueren bitartez lortu genuen nahi genuena, hain zuzen, auzoko parte izatea».
Azaldu dutenez, arazo ekonomikoei aurre egiteko auzotarren lana ezinbestekoa izan zen: zozketak egiten zituzten, txabol-sotoak antolatzen zituzten auzoko festetan, eta abar.
Berzosa eta Guridi pozik eta harro agertu dira ikastolaren 50. urteurrenean, eta adierazi dute gogotsu daudela ikastolaren historia eraikitzen jarraitzeko.