"Musikatik bizitzea gustatuko litzaidake edo, behintzat, nire bizitzaren zati handiena izatea"
Gero eta gehiago entzuten den izena da Sara Mansilla musikariarena, proiekzio handiko ahotsa du eta. Gure ahotsak kontzertuan bere musika entzun ahal izango da.
Zergatik aukeratu duzu Kafe Botanika?
Oso taberna polita iruditzen zait, egia esan. Zaila da batzuetan leku politak aukeratzea, baina horrelako lekuak aurkitzen dituzunean, loretxoekin, eta abar, gustura egoten zara. Ni, behintzat, etortzen naizenean oso eroso egoten naiz. Antiguako Mogambo tabernan ere pentsatu nuen, oso kafe ona duelako, baina azkenean Botanika hautatu nuen.
Nondik ibiltzen zara normalean?
Trintxerpekoa banaiz ere, Grosetik ibiltzen naiz normalean. Hala ere, orain Musikene inguruan egoten naiz gehienbat, han ikasten dudalako. Azkenean, ia egun guztia pasatzen dut eskolan bertan edo inguruetan.
Aste Nagusi Piratan parte hartzen duzu, ezta?
Eskandalosa kofradia sortu zenean talde horren parte izan nintzen. Ez nintzen izan antolaketan gehien ibili zirenetakoa, baina parte hartu nuen. Denontzako jakak egiten ibili nintzen, esaterako. Orain beste gauza batzuetan nago gehiago, eta ez daukat inplikatzeko horrenbeste denbora, baina egon nintzen bere garaian.
Nola ikusten dituzu Piratak?
Oso aberasgarria dela iruditzen zait. Izan ere, gazteentzako gauzak antolatzen dituzte, eta hirian mugimendua sortzen dute. Bestela egoten den plana nahiko aitona plana izaten da. Beraz, Piratek antolatzen dituzten kontzertu alternatiboek, jaiek, jolasek, txarangek eta horrelakoek hiria animatzen dute. Donostiako Udalaren planteamenduarekin alderatuta, Piratena herritarrekiko gertuagoa dela iruditzen zait. Nire kasuan, adibidez, ez naiz inoiz Donostian antolatzen diren gauzetan zuzenean inplikatu. Piraten kasuan, ordea, bai. Nire inguruan mugimendu hori dagoelako izan daiteke, baita ere. Hala ere, ez naiz oso pertsona itxia, eta iruditzen zait hirian gero eta gauza gehiago egon orduan eta aberasgarriagoa dela.
Musikara pasatuz, nolakoa da Musikenen ikastea?
Nik irakasle-ikasketak egin nituen lehenengo, eta Musikenen sartu nintzen ondoren. Bi urte daramatzat bertan (lau urte dira guztira), eta oso gustura nago. Jazz kantua ikasten dut, ahotsa instrumentu bezala erabiltzen ikasteko. Ikasgai teoriko batzuk daude, musikaren teoriarekin zerikusia dutenak: Historia eta Harmonia, esaterako. Beste ikasgai batzuk, ordea, musika ondo idazten ikasteko dira. Eta badaude ikasgaiak, non, taldeak osatzen ditugun, bateria, gitarra, saxoa eta ahotsarekin, adibidez, eta estilo bat lantzen dugun. Orain, bigarren mailan, be bop estiloa ematen ari naiz eta baita jazz latinoa ere. Ikasgai horietaz gain, bakoitzak bere ikasgai indibiduala dauka eta ni Deborah Carterrekin nago. Energia handiko emakume bat da, eta oso gustura nago.
Zure musikan bluesaren eta jazzaren eragina nabaritzen da, baduzu erreferenterik?
Jamie Cullum, adibidez, asko gustatzen zait. Abesti nahiko komertzialak egiten ditu, poparekin lotuagoak, baina oso pop landua dela iruditzen zait, eta jazz abestiak ere grabatuta ditu. Amy Winehouse ere asko gustatzen zitzaidan. Baina txikitatik musika asko entzun izan dut: musika espainiarra, Queen, Led Zeppelin… eta baita Shakira ere! Beraz, ezin dizut erreferente zehatz bat esan, informazio asko baitut buruan, eta nahigabe nire musikan hori guztia ateratzen zait.
Donostiako musika jaialdietara joaten zara?
Jazzaldian, esaterako, beti ibiltzen naiz hemendik. Askotan ez da baloratzen, baina sekulakoa da kalean egotea musika doan entzuten.
Zer sentitzen da Jazzaldian jotzerakoan?
Poza sentitzen da. Musikari gisa egunero gauzak lantzen dituzu, eta ondo prestatuta dagoen leku batean gauza horiek jendaurrean aurkeztu ahal izatea oso ona da. Azkenean zure eguneroko lanaren emaitza da. Horren atzetik lan asko dago, eta eszenatoki handi batean egoteko aukera duzunean, argi politekin, kalean, jende askoren aurrean… Poz handia da sentitzen duzuna.
Zer espero duzu ‘Gure ahotsak’ kontzertuarekin?
Nire buruan imaginatu dut, baina ez dakit zer aterako den. Ondo joango dela eta oso polita izango dela uste dut. Kontzertu bat da, baina azken finean lau kontzertu dira [Mansillak, Olatz Salvadorrek, Izarok eta Elena Setienek joko dute]. Nire lau edo bost abestiak prest dauzkat jada, eta eguna iristeko irrikaz nago. Pena da denbora gutxi dugula Viktoria Eugenia Antzokia bezalako leku batean abesteko. Ni hasiko naiz gainera, beraz, estreinaldiaren ardura edukiko dut.
Hurbiletik jarraitzeko musikari donostiarrik?
Asko gustatzen zait Iñigo Serrullak nola egiten duen lan, eta Olatz Salvadorren ahots tinbrea eta abestiak, esaterako. Baina orokorrean iruditzen zait Donostia inguruko jendeak oso ondo egiten duela lan, eta gauza politak ateratzen dituela.
Noiz argitaratuko duzu zure diskoa?
Aspaldi grabatu nuen diskoa, Oiartzungo Mecca estudioetan, eta argitaratzeko irrikaz nago. Laster argitaratuko dugu Talking to the wall izenarekin, single-aren moduan. Dena nahiko mantso doa niretzako, izan ere, gauza asko egiten ari naiz aldi berean, eta batzuetan itota sentitzen naiz. Hala ere, nahiago dut gauzak poliki eta ondo egin, azkar eta gaizki baino. Nik idatzitako hamar abesti izango ditu diskoak, denak laukote formatuan: batzuetan nik gitarra akustikoa jotzen dut, eta gero bateria, baxua eta teklatua daude.
Zer iruditzen zaizu Donostiak bizi duen egoera?
Nik egunerokotasunean nabaritzen dudana da gauzak gero eta garestiagoak direla. Badago kafe batengatik bost euro ordaindu ditzakeen jendea, baina nik eta nire inguruko jendeak ez. Larunbat batean zerbait hartzera ateratzen zara, seko uzten zaituzte eta pentsatzen duzu hobe dela etxean geratzea, dirua ez gastatzeko. Bestalde, tristura ematen dit kanpoko lagunak Donostiara etortzea eta nora eraman ez jakitea prezioekin ikaratu ez daitezen. Baina, aldi berean, ulertzen dut batzuen interesa beste batzuen interesaren gainetik dagoela, beti bezala.
Zer proiektu dituzu?
Niri musikatik bizitzea gustatuko litzaidake edo, behintzat, nire bizitzaren zati handiena izatea. Badakit zaila dela musikatik bakarrik bizitzea, baina ni saiatuko naiz.
HAMABIETAN BERMUTA: Kafesnea eta hanburgesa pintxoa.
Non: Kafe Botanika. Gernikako Arbola pasealekua, 8 (Erdialdea).
Prezioa: 4,60 euro.