Salbamendu-jaka bitxi bat Kontxan
Baten batek astronauta bat dela pentsatu baldin badezake ere, ez da hala. Ricardo Mediamarca asmatzailea da, 1918an, momentuko bere azken asmakuntzaren erakustaldia egiten: ‘Sofia’ salbamendu-jaka.
Argazkia: Mundo Grafico. Gaur egungo salbamendu-jakak buruan izanda, zaila da argazkian ageri dena salbamendu-jaka gisa identifikatzea, Juri Gagarin eta Neil Armstrongen garaiko astronauta bat dirudi eta.
Baina, esan bezala, Ricardo Mediamarca da, berak asmatutako Sofia salbamendu-jaka jendaurrean probatzen. Kontxako hondartzan egin zuen erakustaldia asmatzaileak, 11:00ak aldera, hainbat hiritar ikusnahien aurrean. Ez ziren hiritarrak izan erakustaldia ikustera hurbildu ziren bakarrak, ordea, garaiko tokiko agintariak ere han egon baitziren. Klub Nautikoko kirolari garrantzitsuenekin batera ikusi zuten ikuskizuna agintariek, Nautikotikoko eraikinetik.
Salbamendu-jaka ez zuen Mediamarcak bakarrik jantzi, Irene Wilmer garaiko igerilari ezagunak ere erakustaldirako jantzi baitzuen. Elkarrekin sartu ziren uretara asmatzailea eta igerilaria, jaka haren flotagarritasuna frogatzeko.
Horretarako egin zituzten proben artean, uretan hondoratzeko saiakera egin zuten, hainbat pertsonek ere beheruntz bultzatuz, hondoratzea lortu ezinik.
Poltsiko iragazgaitz handi batzuk zituen asmakuntzak, garaiko prentsaren arabera, elikagaiak eta ardoak gordetzeko zirenak. Erakustaldiaren une batean, poltsiko horiek ireki eta hamaiketako txiki bat egin zuen Mediamarcak, olatuek eramaten zuten bitartean.
Ordubete inguru iraun zuen erakustaldi hark, eta, halako proba bitxiak egin ondoren, bertan bildutako ikusle guztien txalo zaparrada jaso zuten Mediamarcak eta Wilmerrek.


