Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak bi elkarretaratze iragarri ditu martxorako, 'Change the change' kongresuaren harira
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak prentsaurrekoa egin du Donostiako Udaletxean, klima aldaketaren mehatxuen inguruan hirian egingo den 'Change the change' nazioarteko kongresuaren harira.
Agerraldian, Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Donostiako agintariak klimaren aldaketa erremediatzeko beharrezkoak diren neurrien “justu alderantzizkoak” sustatzen ari direla adierazi dute plataformako kideek, eta martxoaren 6tik 8ra egingo duten biltzarra politikarien “greenwashing (zuriketa berdea) merkea” egiteko baliatu nahi dutela salatu dute.
Hori dela eta, Donostian martxoan bi elkarretaratze egingo dituela jakinarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, lurraldeko agintarien inkoherentzia azaleratzeko helburuarekin: “Erraustegi bat sustatzen ari dira eta aldaketa klimatikoari buruz hitz egin nahi digute”. Lehenengo elkarretaratzea hilaren 5ean egingo dute, 19:00etan, Alderdi Ederren; bigarrena, berriz, hurrengo egunean eta ordu berean izango da, Kursaalean, kongresuaren lehenengo jardunaldiaren amaierarekin bat eginez.
Mugimenduko kideek azaldu dutenaren arabera, “agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak”. Zentzu horretan, lurraldean sustatu diren politika horiek herritarren egungo eta etorkizuneko egoera baztertzera eta botere ekonomikoei laguntzera bideratuak daudela azpimarratu dute, azken urteetako hainbat proiektu gogora ekarriz: “AHTa, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostiako lurpeko trenbide berria…. “.
Zubietako erraustegia adibide gisa hartuta, proiektua gizakien osasunerako eta atmosferarako kaltegarria izango dela adierazi dute, “Europak lehenetsi duen ekonomia zirkularra eragozten duela” azpimarratuz. Gainera, errauste plantaren obrak gipuzkoarrak 2051ra arte “hipotekatu” dituela gehitu dute mugimenduko kideek, herritarrak oraindik hura gelditzeko garaiz daudela nabarmenduz.
Agerraldia amaitu aurretik, plataformako kideek ongi etorria eman diete mundu osotik Change the change biltzarrera etorriko diren parte-hartzaileei, eta eskari zuzen bat egin diete: “Herritarren eta Lurraren etorkizunarekiko benetako konpromisoak eskatu, eta klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea exijitu”.