Kimuak 2018 aukeraketa osatzen duten film laburren lehen emanaldia egingo dute
2018ko Kimuak programaren katalogoan jasotako lanak dira Maddi Barberren 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Maria Elorzaren Ancora Lucciole, Iban del Camporen Espedizio handia, Miguel Angel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me desperteis eta Pello Gutierrezen Zain. Datorren ostegunean, hilaren 28an, 19:00etan, Kimuak 2018 aukeraketa osatzen duten film laburren lehen emanaldia egingo dute Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak antolatuta. Gainera, ikus-entzunezko lanen egileak han izango dira beraien lanak aurkezten.
Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dute Kimuak programa, eta 20 urte daramatza euskal flm laburrak ikusgai egin eta ezagutarazten. 1998tik 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira Kimuak-era, eta guztira 137 aukeratu dira katalogorako. Urteroko uzta onena nazioarteko jaialdi eta topaketa profesionaletan banatzen den katalogoan jasotzen dute, eta 2018an 70 film laburren artean egin behar izan zuen aukeraketa epaimahaiak, hain zuzen, inoiz jasotako kopuru handiena.
Film labur sorta honek joan den iraileko Donostia Zinemaldian hasi zuen ibilbidea, eta ordutik 109 aukeraketa eta 13 sari eskuratu ditu guztira. Rotterdam, ZINEBI, Euskal Zine Bilera, SEMINCI, ALCINE, Visions du Reel, ABYCINE, Bogoshorts, Porto/Post/Doc eta Aguilar de Campoo jaialdietan parte hartu ostean, ostegunekoa publiko zabalari zuzendutako lehen proiekzioa izango dela jakinarazi dute antolatzaileak.
Emanaldirako sarrerak salgai daude jada Tabakalerako InfoPuntuan eta Kutxabank webgunean.