Udalaren jarrera salatu dute Altzan eta sinadura bilketa hasiko dute
Altza XXI herri egitasmoak Donostiako Udalaren jarrera salatu du ohar baten bidez. Udalak profesionalentzat baratzak egiteko Urban Lur proiektua jarri du martxan, eta herri egitasmoak kritikatu duenez, lurrak egokitzeko lanak hasi dituztenean izan dute proiektuaren berri. Bizilagunek azaldu dute dagoeneko hasi direla Auditz Akularreko lurretako maldak berdintzen, lurrak lautzen eta bideak egiten.
“Pozten gara udalak noizbait lurrak etxebizitzak eraikitzeko ez den beste erabilerarako aintzat hartu izana”, adierazi du bizilagunen taldeak. Hala ere, gogor salatu dute egitasmoa herritarrek ezer jakin gabe jarri dutela martxan. Jakinarazi dute Eguzkitza Gaina parkean kokatu dituztela baratzak, eta ondorioz, parkea suntsitu dutela, auzoaren egoera zein den eta parkeak betetzen dituen beharrak kontuan hartu gabe. Azaldu dute bizilagunek lau urte daramatzatela parkea egiten, eta ulergaitza dela egoera, izan ere, udalak lagundutako zuhaitzen landaketa baterako eguna ere jarrita dago.
“Harritzekoa da, lehenik eta behin, udalak diruz lagundu duen egitasmo herritarrari esker urtez urteko lanen ondoren eraikitako parkea besterik gabe suntsitzea. Ez al dira koordinatzen udaleko sail desberdinak?”, bota dute galdera. Bizilagunen plataformak adierazi du Auditz Akularreko eremuak “milioitik gora metro karratu lur” dituela eta ez dutela ulertzen udalak zergatik erabaki duen baratzak kokatzea Santa Barbara eta Arriberriko auzoek duten aisialdirako eremu bakarrean.
Era berean, Altzak historikoki izan duen zerbitzu publikoen eskasia kritikatu dute. Altzan, 22.000 biztanle bizi dira eta baieztatu dute umeen jolas parkeak, erabilgarri diren lorategi eta parkeak, eremu berdeak, aparkalekuak, kultur jarduerak, eta abar oso urriak direla. Gainera, gogoratu dute Altzan bi urte daramatzatela kiroldegirik gabe, eta lanek honako ondorioak izan dituztela: herritarrek sortutako parke bakarra, Tomaseneko parkea, galdu egin da, eta kiroldegiko eraikuntzak aparkalekurik gabe utzi ditu Santa Barbara eta Arriberriko ehunka lagun, aurretik zegoena kendu eta berririk ez dutelako jarri.
“Ez dago parte hartzerik, udalak ez duelako horretarako aukerarik eman”, kritikatu dute. Horregatik, sinadurak biltzeari ekin diote eta Altzako herritarrak deitu dituzte egitasmoan parte hartzera.