Benetako aizunen bila
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘CAN YOU EVER FORGIVE ME?’
Zuzendaria: Marielle Heller
Urtea: 2018
Herrialdea: AEBak
Orain dela hilabete batzuk Mi obra maestra film argentinarraz hitz egitean artearen gezurraz eta ilusioaz jardun nintzen, eta gaur iruzkinduko dudan filmak, Can You Ever Forgive Me?-k, gezur eta iruzurra (literarioa eta epistolarra hemen) ere ditu atze-oihal gisa. Aurrekoan egin modura, gaiarekin lotura duten bi hitzen definiziora joango gara (iturria: Euskaltzaindiaren hiztegia). Lehena, gezurra: egiaren kontra ohartuki esaten den gauza. Bigarrena, iruzurra: onura edo probetxu bat lortzeko helburua duen engainu edo azpikeria, bereziki legeak zigortzen duena.
Marielle Heller zinegile kaliforniarraren bigarren film luzeak (lehena, The Diary of a Teenage Girl, freskotasunarekin eta ausardiarekin egindako lana zen) Lee Israel egile newyorktarraren bizitza du hizpide, 90eko hamarkadan literatura-faltsutzeagatik ezagun egin zena. Israelek 2008an bere autobiografia argitaratu zuen, Can You Ever Forgive Me?: Memoirs of a Literary Forger, eta hau izan da egilearen heriotzaren ostean (2014) ekoiztu den filmaren oinarria. Estreinatu berri den lanean Melissa McCarthyk haragitzen du Lee Israel, eta Richard E. Grant bikainak bere lagun zen Jack Hocken papera egiten du. Aktoreen lana kritikarengatik goratua izan da eta, nahiz eta Oscar sarietan esku hutsik geratu diren, partekatzen dituzten eszena guztiak gogoangarriak dira oso.
Lehenago emandako definizioei berriro ekinez, badirudi Can You Ever Forgive Me? filmak gezurrarenak eta iruzurrarenak hitzez hitz kontuan hartu dituela. Arreta jarriko dugu bi ideietan: lehena, gezurra ohartuki egiten den zerbait dela eta nahiz eta onura lortu, iruzurra legeak zigortzen duen azpikeria bat dela ere. Idazle ospetsuen eskutitzak faltsutzen zituenean Lee Israelek bazekien zer egiten zuen, baita liburu-dendetan saltzen zituenean legez kanpoko zerbait egiten ari zela ere. Urte bateko gezur eta iruzurren ostean (400 eskutitz inguru faltsutu eta saldu zituen, horien artean Dorothy Parker, Noel Coward edo Lillian Hellman idazleenak), FBIko agenteek Israel atxilotu eta auzitara eraman zuten. Hori bai, filmean ikusten den bezala, lehenago leporatzen zizkioten frogak suntsitzen saiatu zen, tartean, faltsutzeko erabilitako hamaika idazmakina.
Can You Ever Forgive Me? ez da aparteko filma, eta nahiz eta protagonisten antzezpenek asko hobetzen duten emaitza, ez du benetan une nabarmenik ikuslearen oroitzapenean arrastorik uzteko. Noski, atze-oihalaren gaia (iruzurra artean) luzatzen badugu, bai zineman bai literaturan faltsukeriari buruzko adibide ugariak topatu ditzakegu, eta benetako sorkuntzaren oinarriak zeintzuk direnaren inguruan hausnarketa sakonak egin ditzakegu. Marielle Helleren filmak noizbehinka horren inguruko galderak botatzen dizkigu, eta adibiderik hoberena bukaeran Israelek faltsutzen duen azken eskutitza litzateke (egiazkoa ote?), Dorothy Parkerrek, beste mundutik, liburu-saltzaile bati idazten dion bat, non garestiegi saltzen ari zela aurpegiratzen dion.
Tarteka filmeek jostatzeko parada ere ematen dute, eta soinu-bandan entzuten dugunak iruditan jasotzen dugunarekin lotura metazinematografikoa izan dezake (Tarantino gogoan). Can You Forgive Me?-k aukera hori eskaintzen du ere. Lee Israeli gertatzen zaizkion guztiak abesti egokiekin lotuta dago, argumentu-lotura dibertigarria sortuz: Street of Dreams (Peggy Lee), Bad Luck (Dinah Washington), Detour (Patti Page), Illusions (Marlene Dietrich), I’ll Be Seeing You (Billie Hollyday), Can’t Run But (Paul Simon), Goodnight Ladies (Lou Reed), eta, amaitzeko, bukaerako kredituetan Charade abestiaren bertsioa entzuten diogu Blossom Dearie abeslariari.
Azken finean, ez al da dena txaradea? Edo F for Fake (1974) filmean Orson Wellesek zioen bezala: «Sutondoan, azokan edo film batean konta dezakezu, kasik edozein istorio ia zalantzarik gabe gezur motaren bat bada».