Bi mobilizazio nagusi egingo dituzte martxoaren 8ko greba feministan
Astebete eskas falta da martxoaren 8ko greba feministarako, eta egunaren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo Euskal Herriko mugimendu feministak Bilbon. Zaintzaren gatazka mahai-gaineratu eta bizitza erdigunean duen eredua aldarrikatuko du mugimendu feministak martxoaren 8ko greban. Horretarako, planteamendu intersekzionala egin dute, eta jomugan jarriko dituzte kapitalismoa, patriarkatua, heteroaraua, kolonialismoa eta kapazitismoa.
Bilbon egindako aurkezpenean, Euskal Herriko mobilizazio nagusien berri eman zuten, eta Donostian bi deialdi nagusi egingo dituzte martxoaren 8an. Goizean, 12:00etan protesta egingo dute Bulebearrean, eta arratsaldean, manifestazio bat egingo dute 19:00etan, Antiguako tuneletik abiatuta.
Hirian pil-pilean daude grebarako prestaketak, eta azken egunetan bilerak egiten ari dira auzoetan, azken kontuak leuntzeko. Larunbatean, esaterako, Emakumeen Etxean pankartak egiteko bildu ziren hainbat pertsona.
Donostiako emakume*, bollera eta transok, larunbat goizean, lagun artean, pankarta eta pintzela!
— Donostiako Feministak (@DFeministak) February 23, 2019
Artistak ere #GrebaFeminista prestatzen ari dira euren ekarpen itzelaz! ?????
Bakoitzarengandik ahal dena, denon artean dena! ??️?✊? pic.twitter.com/Ye8qofsyjl
Bestalde, gaur, hilaren 27an, IV. asanblada egingo dute Egian, greba feminista antolatzeko. Dandai elkartean (Tejeria 10) egingo dute bilera, 19:30ean, eta bilerara joan ezin dutenek informazioa jaso nahi badute, m8egia@gmail.com helbidera idatzi ahalko dute.
Era berean, Donostiako mugimendu feministak hiriko greba feministaren aurkezpena egingo du larunbatean, martxoaren 2an. Sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera Zuloaga plazan egingo dute aurkezpena, 11:00etan. Gainera, mosaiko bat egingo dutela aurreratu dute, eta Donostiako “emakumeak*” jardueran parte hartzera deitu dituzte.