Irutxuloko Hitzak 3txulo txarangaren inauterietako mantalak jarriko ditu larunbatean
3txulo txarangako kideek bost urte daramatzate inauterietan Parte Zaharra euren doinuekin girotzen, eta urteroko legez, larunbat honetan berriro ere irtengo dira kalera. Taldearen ohiturari jarraituz, inauterietako mantalak jarriko dizkiete Sarriegi plazako danborrariari eta Abuztuak 31 kaleko emakume berreraikitzailearen estatuari, festari hasiera emateko.
Honakoan, aldiz, jaia berritasun batekin dator. Izan ere, txarangako kideek urtero hiriko eragile desberdin bat omentzeko asmoa estreinatuko dute, mantalen jartzea hari egokituz. Lehen aldi honetarako, 3txuloko lagunek IRUTXULOKO HITZAri luzatu diote gonbita, eta tokiko hedabideak pozik onartu du festari hasiera emateko ardura.
Lehen mantalaren jartzea 12:00etan egingo dute, Sarriegi plazan. Pregoia eta txupinazoa botako dituzte ere, eta Diana jo ostean, 3txulo txarangak Parte Zaharrean barrenako ibilialdia abiatuko du, jaia egun osora luzatzeko asmoz.