Gaur hasiko dira Donostiako Inauteriak!
Gaur hasiko dira bi astez luzatuko diren Donostiako Inauteriak. Martxoaren 4an amaituko dira ofizialki jaiak, baina auzoetan hilaren 16ra arte jarraituko dute.
Gaur, otsailaren 28an, Momo jainkosari harrera egingo diote Londres hotelean 19:30ean. Aurretik, 19:00etan, kalejira egingo dute Pasai txarangarekin Konstituzio plazatik Londres hotelera.
18:00etan Amara Berriko Inauteriei hasiera emango diete, eta haurrentzako mozorro lehiaketa egingo dute Arcco merkatal guneko 1. solairuan. Aurtengo gaia Asia izango da, eta Amara Berriko auzo elkarteak auzotarrak animatu ditu mozorrotzera. 19:00etan pintxo-potea egingo dute auzoko tabernetatik zehar. 19:00etatik 21:00etara Carnival Box zuzeneko musika emanaldia egingo dute Arkupe tabernaren ondoan.
Gainera, 19:00etan Euskal Inauteriak Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak hartuko ditu. Alde batetik, Zubietako zanpantzarrak ibiliko dira zintzarriak astintzen, eta Eskola, Goizaldi eta Trebeska dantza taldeak dantzan ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetatik barrena. 20:00etan dantza taldeen emanaldia egingo dute Konstituzio plazan.
21:00etan ohiko konpartsen aurkezpena egingo dute Illunben, eta Donostiako Inauterietako desfileetan parte hartuko duten 26 konpartsek euren jantziak eta koregrafiak aurkeztuko dituzte. Lehen aldiz, Inauterietako Jantzien Diseinuen lehiaketa egingo dute, eta aurkezpenean parte hartuko duten konpartsetako bati banatuko diote saria.
Ondoren, 21:45ean hasita, Betiko Zuhaitz konpartsak desfilea egingo du Intxaurrondon, eta 22:00etan Thamessis konpartsak emanaldia egingo du Bidebietako frontoian.
Hona hemen Donostiako Inauterietako gainerako egunetako egitarau osoa:
Martxoak 2, larunbata
- 11:00etan Aitor ikastola eta Denok Taldea konpartsek desfilea egingo dute Egiako kaleetan zehar. Gainera, Egia Bizirik auzo elkarteak inauterietako festa antolatu du egun horretarako. 12:30ean elkarretaratzea eta pintxo-potea egingo dute Plaza Haundin, eta, ondoren, 14;30ean, herri bazkaria egingo dute Arrano elkartean. Arratsaldean, 18:00etan, mozorro kalejira egingo dute auzoan zehar.
- Goiztiriei hasiera emateko, 11:30ean, Pasai txarangak girotutako kalejira egingo dute Zuloaga plazatik Londres hotelera. Han, pijama soinean duen jende multzo batek Momo jainkosari abestuko dio, esna dadin. Handik udaletxera joango dira eta agintaritzak boterea Momo jainkosaren eskuetan utziko du, Inauteriak irauten duten denborarako.
- 12:00etan Antiguotarrak dantza taldearen inude eta artzainen konpartsa kalera aterako da. Inude eta artzainen kalejirak urte andana daramatza Inauterietan Antiguako kaleak alaitzen. Antiguotarrak dantza taldeak auzoko eragileekin batera antolatzen dute festa, eta aurten, Antiguako jai askotan parte hartzen duen Iraunkorrak txarangak 25 urte egingo ditu.
- Donostiako Piratetako Eskifaia kofradiaren Inauteriak ospatuko ditu. Larunbatean Inauterietako jaialdi pirata egingo du Eskifaia kofradiak. ‘Usteak erdi ustel’ gaia proposatu dute, eta 12:00etan triki-poteoa egingo dute, Amarako La Bodeguilla tabernatik hasita. 14:00etan bazkari herrikoia egingo dute Amarako frontoian, eta ondoren bingo musikatua egingo dute. 17:00etan zuzeneko emanaldiak egingo dituzte Esentzia eta Maxuxta taldeek.
- 12:00etan Bulebarreko kioskoan A.G.A.T.A. Argentinako tangoaren zaleek tango dantzaldia egingo dute.
- 12:00etan Herridantza konpartsa eta 3Txulo txaranga ibiliko dira Parte Zaharra eta Bulebarrean.
- 12:30ean Gero Axular dantza taldeak Intxixu Euskal Inauteria hasiko du Gipuzkoa plazan. 13:00etan berreskuratutako hainbat euskal dantza egingo dituzte Konstituzio plazan.
- 17:00etan, Inauterietako desfilea eta konpartsen eta karrozen lehiaketa egingo dute Erdialdean. 26 konpartsak kolorez eta fantasiaz beteko dituzte Erdialdeko kaleak.
- Groseko Inauteriak. Ubarroiak kofradiak, Groseko jai batzordeak eta Groseko gurasoen elkarteak antolatuta, 17:00etan buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute Hondarpe auzo elkartearen egoitzatik abiatuta. 19:00etan txokolate jana egingo dute Artetxe Jeneralaren kalean, eta ondoren, Tasaund system taldeak kontzertua egingo du han bertan
- 18:00etan Haurrentzako Inauteri festa egingo dute Antzoki Zaharrean eta ordu berean, Los Bebes de la Bulla taldeak ibilbidea hasiko du Euskal Herria kalean.
- 19:00etan Gaztelubideko fanfarrea aterako da Abuztuaren 31 kaletik.
- Donostiako Inauterietako Antzinako konpartsak Erdialdean eta Parte Zaharrean zehar ibiliko dira 19:00etatik aurrera. 20:00etan Konstituzio plazan elkartuko dira guztiak.
- 19:30ean 3Txulo txaranga ibiliko da Parte Zaharreko kaleetatik barrena.
- 20:00etan Urdaneta kalean Sambastian Samba Carioca taldeak musika saioa egingo dute. Brasildar eta euskal jatorria duten 4 musikarik osatzen dute taldea.
- 20:00etatik 23:00etara Festa Hawaiarra egingo dute Bretxan, Txurrurekin eta Javi Bujeda DJarekin.
- 22:00etan Taupada batukada, Joselontxos txaranga eta Rockalean taldea ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan.
Martxoak 3, igandea
- 9:00etan Inauterietako Diana egingo du Udalaren Txistulari taldeak Parte Zaharrean.
- 11:30ean Inauterietako Haur Emanaldia Viktoria Eugenia antzokian. Honako konpartsek hartuko dute parte: Intxaur Txiki, Karmelo Txiki, Konpartsa Gurea Elkartea, Eclipse, Txasiss, Aitor Ikastola, Alegria de Altza, Denok Taldea, Mystic eta Fama.
- 11:30ean Eusko-Ttish konpartsak bere ibilbidea hasiko du Zuloaga plazan.
- 11:45ean Lorezainen konpartsa, Eskola dantza taldea eta Illunbe bandarekin, Kursaaletik aterako dira.
- 12:00etan Los Bebes de la Bulla eta Oilarren konpartsa (Gaztedi dantza taldea eta Deiadar txaranga) Parte Zaharretik eta Erdialdetik zehar ibiliko dira.
- 17:00etan Inauterietako desfilea egingo dute konpartsek Erdialdeko kaleetatik.
- 18:00etan Haur Jaialdia egingo dute lehen aldiz 6-10 urteko haurrentzat Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean. Sukaldariz mozorrotuta joateko deialdia egin dute antolatzaileek.
- 18:00etan 55 urte edo gehiago dituztenentzat mozorro festa egingo dute lehen aldiz udaletxeko pleno aretoan. Dantzaldia egingo dute Duo Imperial taldearekin.
- 19:30ean Joselontxos txarangak kaleak girotuko ditu eta Patruyasosek ikuskizun ibiltaria egingo du Parte Zaharreko kaleetan.
Martxoak 4, astelehena
- 19:30ean Inauteriei amaiera emateko Sardinaren ehorzketari hasiera emango diote. Zo-Zongo eta Eureka taldeekin batera segizio mexikarrak kaleak hartuko ditu. Baita deabruek, apaizek, mojek eta alargunek Pasai eta Los Incansables txarangekin osatuko duten taldeak ere. 20:00etan Sardina erreko dute Alderdi Ederren.
IRUTXULOKO HITZAk Donostiako Inauteriak gertutik ezagutu nahi izan ditu, eta Intxaurrondoko Betiko Zuhaitz konpartsako kideen eskutik jaso dituzte jaiaren nondik norakoak. Gainera, Momo jainkosarekin hitz egin dugu luze eta zabal. Aurten, Denok Taldeko Maider Lopez Sagastumeri egokitu zaio Momo jainkosaren papera.