Lilatoiak 30 urte
Lilatoiaren 30. urteurrenean, lasterketaren historia eta emakumeen kirolaren ikusgarritasunean izan duen eta oraindik duen papera errepasatu dugu.

Berezia izango da datorren martxoaren 10ean egingo duten Lilatoia, 30.a izango baita. Mugimendu feministako emakume gutxi batzuek sortu zuten Lilatoia, eta lehenengo urtean 130 edo 150 emakumek parte hartzetik, aurten 6.140 emakumek parte hartzeraino iritsi da.
Nati Rufo eta Asun Urbieta Lilatoiko beteranoekin elkartu da IRUTXULOKO HITZA, 30 urte hauen errepasoa egiteko alde batetik, eta Edurne Martinez Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunarekin bestetik, aurtengo berritasunen berri emateko. Lehenengo urte gogorren inguruan hitz egin dute Rufok eta Urbietak, eta “non utzi dituzue senarrak?” eta tankerako irainak oihukatzen zizkietela azaldu dute. Hala ere, parte-hartzaile kopurua igotzen joan da urteekin, eta gizarteak gero eta gehiago onartu du Lilatoia, oraindik “Lilatoia zergatik” galdera askok egiten badute ere.
Aipatu beteranoen eta Atletikoko arduradunaz gain, hiru belaunaldi desberdinetako korrikalarien testigantzak ere jaso ditu IRUTXULOKO HITZAk, belaunaldi guztietako emakumeek hartzen baitute parte. Erreportaje osoa biharko astekarian egongo da irakurgai.