"Tolosako giroa Donostiako inauterietara ekartzeko gogoz sortu genuen 3txulo txaranga"
Donostian gutxi dira inauteriak 3txulo txarangako lagunek bezain beste bizi dituztenak. Gehien bat donostiarrez eta irundarrez osaturiko talde xelebre honek sei urte daramatza hiriko kaleak festaz festa girotzen, baina euren izateko arrazoia inauterietan errotzen dela garbi utzi dute.
Jesus Mari Garikano, Pilar Otaegi eta Roberto Setien 3txulo txarangako kideak dira. Hurrenez hurren, saxofoia, perkusioa eta klarinetea. Urtero bezala, larunbatean Parte Zaharreko kaleetara irtengo dira, eta euren ohiturari jarraituz, mantal koloredunak jarriko dizkiete Sarriegi plazako danborrariari eta Abuztuak 31 kaleko emakume berreraikitzailearen estatuari. Aurten, ordea, berritasun batekin dator festa. Izan ere, txarangako kideek urtero hiriko eragile desberdin bat omentzeko asmoa estreinatuko dute, mantalen jartzea hari egokituz. Lehen aldi honetarako, IRUTXULOKO HITZAri luzatu diote gonbita, eta tokiko hedabideak pozik onartu du festari hasiera emateko ardura.
Nondik dator mantala jartzearen ideia?
Jesus Mari Garikano (J.M.G.): Txarangako kideak inauterietako danborrariak garela esan ohi dugu. Izan ere, danborradan bezala, sukaldariz jantzita joaten gara, txanoa eta mantalarekin. Horregatik, aproposa iruditu zitzaigun Sarriegi plazako estatuari gure mantala jartzea. Eta hurrengo urtean, berriz, ohitura hori Abuztuak 31 kaleko estatuara zabaltzea erabaki genuen.
Pilar Otaegi (P.O.): Mantalak guk egiten ditugu, eskuz, eta soilik inauterietan jotzeko erabiltzen ditugu.
Zergatik hartu duzue urtero eragile bat omentzeko erabakia?
P.O.: Bazter-nahasle batzuk garelako! [Barrez]
Roberto Setien (R.S.): Hori da arrazoia. Eta, gainera, festa herritarrei zabaltzeko modu aproposa zela iruditu zitzaigun.
Zer dela eta hautatu duzue Irutxuloko Hitza estreinaldirako?
J.M.G.: Batetik, izen berdina daukagulako, eta bestetik, aurreko urteetan hedabide gisa gure ekitaldietan presente egon zaretelako. Zuek kontuan hartu izan gaituzue, eta hori eskertzekoa dela uste dugu. Honakoan detailea bueltatu nahi izan dizuegu.
Zergatik sortu zenuten 3txulo txaranga?
J.M.G.: Robertok eta biok Tolosako giroa Donostiako inauterietara ekartzeko gogoa genuen eta, horretarako, txaranga bat sortzeko ideia aproposa iruditu zitzaigun. Hori dela eta, musika bandaren lokalean ohar bat jarri genuen eta, pixkanaka, kide berriak animatzen joan ziren. Gure asmoa Donostiako inauterietan giro herrikoi eta parte-hartzaileago bat sortzea zen, eta jada seigarren aldiz irtengo gara kalera.
P.O.: Denbora horretan, jotzen ditugun piezen zerrenda izugarri handitu dugu. Hamabi abestirekin hasi ginen, eta egun 42 jotzen ditugu.
R.S.: 42 pieza! Ia bi CD!
J.M.G.: Pretentsio handirik gabe, gure asmoa ondo pasatzea da. Eta noski, giroa sortzea.
Zenbat kidek osatzen duzue taldea?
P.O.: Larunbatean 23 lagun irtengo gara, batzuk instrumentuekin eta beste batzuk turu-instrumentuekin.
Turu-instrumentuak?
P.O.: Bai. Turu-tronpeta, turu-bonbardinoa, turu-klarinetea… Jotzen ez dakitenek turuta bat jartzen diote instrumentuari bere muturrean, eta horrekin doaz aurrera. Inauterietarako oso aproposak dira.
J.M.G.: Gainera, aurten gure turu-instrumentuek solo bat joko dute, gainerako instrumentuen laguntzarik gabe.
R.S.: Gurea txaranga irekia da, eta instrumentu bat jotzen jakin edo ez, edonor batu daiteke festara. Hori bai, betebeharreko baldintza bakarra mozorrotuta etortzea da.
Irekia izateaz gain, txaranga horizontala ere bada, ezta?
J.M.G.: Hala da. Onerako eta txarrerako, ez daukagu zuzendaririk. Horrela funtzionatu dugu sei urtez eta ongi moldatu gara.
Zein doinu entzungo ditugu larunbatean?
P.O.: Tolosako inauterietako piezak jotzen ditugu gehien bat, baina beste asko ere baditugu.
J.M.G.: Eguna kanta berezi batekin abiatzen dugu beti: Sarriegi plazan, Donostiako Martxaren lehen doinuak jotzen ditugu eta segituan Dianara pasatzen gara. Festari kutsu donostiarra emateko modu ona zela iruditu zitzaigun.
Zein egitarau jarraituko duzue?
R.S.: Eguerdian Sarriegi plazan bilduko gara, eta hor, Irutxuloko Hitzako lagunek mantala jarriko diozue danborrariari. Ondoren, pregoia eta txupinazoa bota ostean, Parte Zaharrean barrena joango gara kaleak musikaz girotzeko. Hortik badaude urtero gure zain egoten direnak!
P.O.: Gero Abuztuak 31ka kalera joango gara, emakume berreraikitzailearen estatuari ere mantala jartzeko. Estatuari Maritxu deitzen diogu.
Nola ikusten dituzue Donostiako inauteriak?
J.M.G.: Larunbat gauetan giro polita egoten da. Guk diana eta kalejira gehitu nahi izan diogu egunari, Iruñea eta Tolosako ereduei jarraituz.
P.O.: Ohitura berria denez, jendea hurbildu egiten da, baina gero jarraika etortzea kosta egiten zaio. Begira egotea asko gustatzen zaigu donostiarroi, eta desfilea horren adibide da. Zenbaitetan, parte hartzea gehiago kostatzen zaigu.
J.M.G.: San Sebastian egunean jendearen parte-hartze maila oso altua da. Neurri txikiago batean bada ere, hori inauterietan errepikatzea gustatuko litzaiguke.
Inauteriez gain, beste ekitaldi batzuetan ere parte hartu ohi duzue, ezta?
P.O.: Hurrengo astean, adibidez, hirugarren urtez aterako gara Lilatoian. Izugarri atsegin dugu hori. Horrez gain, urteak daramatzagu Aste Nagusi Piratako Irrikitaldian jotzen, eta baita estropadetan eta Aieteko jaietan ere.
Zer espero duzue larunbaterako?
R.S.: Euririk ez egitea eta jende asko hurbiltzea; mozorrotuta, noski! Besterik ez dugu eskatzen, horrekin nahikoa baitugu goiz ederra pasatzeko.
.