Baba zurituak onddoekin eta karramarro gorriarekin
Osagaiak
-Babak
-Baratxuria eta exalota
-Oliba olioa
-Onddoak
-Karramarro-haginak
Prestaketa
Aratz erretegiko plater gozo hau prestatzeko ezinbestekoa da hurrengo pauso hauek jarraitzea: lehenik babak zuritu eta pixka bat egosiko ditugu, baratxuria eta exalota xigortzen ditugun bitartean. Behin xigortuta, babak eta aurretik zartaginetik pasatako onddoak gehituko dizkiegu. Azkenik, ongi egositako karramarro-haginen haragia botako dugu zartaginera. On egin!
Iker Zabaleta, Aratz erretegia
“Guztioi dagokigu jaietan laguntzea. Bestela, hau aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzateke”
Ibaetako jaiak amaitzear daudela, Aratz erretegiko Iker Zabaletarekin bildu gara, festa zer moduz bizi duten jakiteko.
Zer moduz joan dira jaiak?
Oso ondo joan direla esango nuke, eta eguraldiak izugarri lagundu du. Hala ere, inauteriak direla-eta jaiak aurreratu egin dituztenez, jende askorentzat oharkabean pasa direla esango nuke, pertsona batzuk faltan bota ditudalako.
Festan parte hartzeko astirik izan duzu?
Hori aspaldiko kontua da niretzat! Orain lan eta lan ibili ohi naiz, eta hemendik irtetean zuzenean etxera joaten naiz, nahiko nekatuta egoten naizelako. Jaietan ez dut parrandarako astirik izaten.
Eta gazteagoa zinenean, zer zen jaietatik gehien atsegin zenuena?
Kontzertuetara joaten nintzen, noski. Gehien atsegin nuena zen urtean zehar ikusten ez nituen lagunak topatzea.
Garai batean jatetxea bera parrandarako prestatzen zenuten.
Hala da. Jaiak iristen zirenean, gauez mahaiak mugitu eta paretak festarako janzten genituen. Horrek, ordea, lan handia eskatzen zigun eta, denborarekin, egiteari utzi genion, ezin ginelako denera iritsi.
Atseden ederra hartu beharko duzue jaien ostean.
Ez pentsa! Guk lanean jarraitzen dugu urte osoan zehar. Jaiak igarota ere ez dugu ixten.
Agerikoa da auzoan erabat errotuta zaudetela.
Urteetan zehar hazten eta berritzen joan den arren, Ibaetan giro berezi bat mantendu da, eta guri gustatzen zaigu horren parte izatea. Auzoa osatzen dugun guztioi jaietan laguntzea dagokigu. Bestela, horrelako egitasmoak aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzateke.
Hiriko zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Auzoan gaudela aprobetxatuz, Portuetxe eta Agorregi jatetxeak gomendatuko nituzke. Lehenengoak betiko sukaldaritza egiten du, eta bigarrenak, berriz, eskaintza berritzaileago bat dauka. Bi kasuetan, ordea, janaria apartekoa da, primerako osagaiekin egiten dutelako lan.