Emakumeen Etxeko bisitak %45 igo dira
34.601 bisita izan ditu Donostiako Emakumeen Etxeak 2017/2018 ikasturtean, Duñike Agirrezabalaga udaleko berdintasun zinegotziak Emakumeen Etxeko memoriaren aurkezpenean azaldu duenez. 140 bisita izan ditu Okendo kalean kokatuta dagoen egoitzak, aurreko ikasturtean baino %45 gehiago. Bisitak igotzeaz gain, bazkideak ere igo dira, 843 izatetik 1.023 izatera pasa baitira, eta jardueretan parte hartzen dutenen %40a bazkideak dira.
Iazko ekainean jaso zituzten datuak, Emakumeen Etxeko ahalduntze taldeetan eta lantegi programatuetan parte hartu duten 486 emakumeetan daude oinarrituta. Erabiltzaileen %63ak jarduera bakar batean hartzen du parte, eta %20ak bitan. Jatorriari dagokionez, gehienak gipuzkoarrak dira, zehatzagoak izateko, %73,66a donostiarrak eta %25a inguru gipuzkoarrak.
Erabiltzaileen adinari dagokionez, laurdena 56 eta 65 urte bitartekoak dira. Bestalde, %18a inguru dira 46 eta 55 urte bitartekoak, 36 eta 45 urte bitartekoak, eta 25 eta 35 urte bitartekoak. Emakumeen Etxera gutxien joaten direnak, ordea, 25 urtetik beherako eta 65 urtetik gorako emakumeak dira.
Bestalde, erabiltzaileen %60a unibertsitate ikasketak burututakoak dira, %18a Lanbide Heziketako ikasketak burututakoak, eta %10a bigarren mailako ikasketak dituztenak. Lan egoerari erreparatuz, erabiltzaileen %32a inoren kontura eta lanaldi osoz lan egiten dutenak dira, %20a erretiratuak, %19a langabetuak, %11 inoren kontura eta erdi lanaldian lan egiten dutenak, %9a ikasleak, eta %7a norberaren konturako langileak.