"Gaur egun emakumeon, transen eta bolleren zapalkuntza eguneroko zerbait da"
Martxoaren 8rako astebete falta da eta Donostiako hirietako asanbladak grebarako prestatu dituzten jardueren eta ekintzen berri ematen hasi dira. Aurten, grebaren egunerako indarrak eta fokua deszentralizatu nahi izan dituzte, eta auzoetako dinamikak eta mobilizazioak indartu dituzte.
Grosen martxoaren 8rako egitarau zabala antolatu dute, baina lehenago hasiko dira grebarekin lotura duten jarduerak egiten. Asteazkenean, martxoaren 6an, mahai-ingurua egingo dute, M8, zergatik greba? lelopean. Auzo elkartearen egoitzan egingo dute hitzaldia, eta Aurora Montañok (Mexiko), Ximena Machicao (Bolivia), unibertsitateko ikasle bat eta pentsiodun batek parte hartuko du. Martxoaren 7an, ostegunean, 19:00 triki-kalejira feminista egingo dute Katalunia plazatik hasita, eta ondoren, 20:30ean kontzertua egingo dute Pandora tabernan, Straw Brenda & Yela Quim-en eskutik.
“Ulertzen dugu gaur egun emakumeon, transen eta bolleren zapalkuntza eguneroko zerbait dela, eta ulertzen dugu interkulturala eta intergenerazionala ere badela”, azaldu du Nerea Arriola Groseko asanblada feministako kideak. Martxoaren 8aren harira, auzoari begirako bilera irekiak antolatu ditu Groseko asanblada feministak, eta Haurralde fundazioarekin eta pentsiodunekin batera auzoan grebak izango duen izaera definitu dute.
Arriolak Groseko greba feministaren nondik norakoak azaldu dizkigu, eta bideo batean jaso ditugu.