Gizon bat hil da sute batean
Goizaldeko bost eta erdiak inguruan piztu da sua Zubiberri bidean, Infernua izeneko eremuan. Okupatutako pabiloi zahar batean izan da sutea. Sei pertsona zeuden eraikinean sua piztu denean; bost pertsonak lortu dute euren kabuz ateratzea, goiko solairuan zegoen gizonezko bat, ordea, hil egin da. Hildakoak 49 urte zituen.
Eraikina egurrezkoa da, eta azkar zabaldu da sua. 08:15 inguruan, artean ere garrak itzali nahian zebiltzan suhiltzaileak, baina lortu dute sua itzaltzea azkenean.
Bi pertsona ospitalera eraman dituzte: bata, kea arnasteagatik, eta bestea, zango puskatu duelako. Izan ere, etxebizitzako lehen pisutik salto egin du, sutik ihesi. Oraindik sua nola piztu den ikertzen ari dira Ertzaintza.
Donostiako Udalaren Zerbitzu Sozialeko arduradunek artatu dituzte pabiloian zeuden pertsonak, eta aterpetxe batean lekua eman diete. Aurretik, Ertzaintzak identifikatu egin ditu, eraikina Amenabar eraikuntza enpresarena delako, eta okupatzen ari zirelako.
Bi ordu inguru piztuta egon den sua ez dakite zerk eragin duen momentuz. Ondoko eraikina hustu egin behar izan dute, eta pabiloia erabat belztuta dago.
IRUTXULOKO HITZAk erretako pabiloian bizi ziren bi lagunekin hitz egin du. Esan dute denbora zeramatela pabiloian bizitzen, zazpi urte inguru. Mikel izeneko bizilagunak azaldu du goizeko bostetan joan dela lanera, eta sua piztu baino lehen joan dela etxetik. Ondoren, sutearen berri izan duenean, pabiloira itzuli da azkar batean. Miguel barruan zegoen sua piztu denean. Ezohiko zarata sumatu du goizaldean eta esnatu denean sua pizten ari zela ikusi du. Ateratzea lortu du eta barruan zeuden kideei lagundu die ere kanpora irteten. Suak bizpahiru metroko altuerakoa dela azaldu du. Oso penatuta daude ezbeharra dela eta, eta doluminak eman dizkiote hildakoaren senideei. Sua nola piztu den zehazki ez dakite, baina uste dute pabiloia berotzeko bidoi batengatik izan dela.