"Jenio bizia txikitatik izan dut, baina kirolari esker, pixkanaka, nire emozioak kudeatzen ikasi dut"
Hiru aldiz irabazi du munduko txapelketa, palan eta eskupilotako one wall modalitatean. Orain, Usansolokoak abentura berri bati ekin dio ETB2ko ‘El conquistador del fin del mundo’ saioan.

Zergatik aukeratu duzu Pandora taberna?
Gipuzkoara bizitzera etorri nintzenetik ezagutu dut Rekalde taberna, eta Agus [jabea] nire laguna da. Hasieratik izan zen hiriko nire taberna gustukoena, bere xarmarengatik. Orain Agusek Pandora ireki berri duenez, hona etortzen naiz. Gainera, hemen alboan bizi naiz.
Noiz etorri zinen Gipuzkoara bizitzera?
Duela hamar urte, Gorputz Hezkuntza eta Kirol Zientzien gradua amaitu nuenean. Lehenengo bi urteak Donostian pasa nituen, eta gero Hernanira joan nintzen bizitzera, zortzi urtez. Duela hilabete gutxi, ordea, Donostiara bueltatu nintzen, Grosera.
Elkarrizketa asko eskaini dituzu azkenaldian, ezta?
Bai, hala da, baina ongi daramadan zerbait dela esango nuke. El conquistador del fin del mundo saioan agertzeagatik dezente deitu didate, baina baita pilotaria izateagatik ere. Izan ere, martxoaren 8a hurbil dagoenez, emakume kirolari gisa hainbat elkarrizketa eta hitzaldi egin ditut.
Gainera, hemen gutxi dira munduko txapeldunak direla esan dezaketenak.
Kirolari batek jaso dezakeen aitorpenik handiena dela iruditzen zait, eta esperientzia izugarria izan da niretzat. Hamar egunez munduko jokalari onenen aurka lehiatzea ametsa da edozein kirolarirentzat. Baina hori bai, horrelako lehiaketetan zure onena ematera behartuta zaude, exijentzia maila gorena delako. 2017ko txapelketan, adibidez, hamaika partida jokatu nituen hiru eguneko epean. Esfortzu ikaragarria izan zen.
Eta nola barneratu, zu zeu, zerbaitetan munduko onena zarela?
Esan beharra dago one wall txapelketan soilik hamazazpi herrialdek hartzen dutela parte, baina egia da niretzako egundoko lorpena izan zela. Hasieran ezin nuen sinetsi ere egin.
Pilotari gisa baino gehiago, zure burua kirolari gisa definitu izan duzu.
Bai, pilotaz gain palan asko ibili naizelako, eta futbolean ere hamalau urtez jokatu nuelako. Gainera, mendiko kiroletan ere ibili ohi naiz.
Kirolari grina txikitatik datorkit. Nahiko urduria izan naiz beti, eta beti nenbilen patinekin, bizikletarekin edo zuhaitzetara igotzen. Horrek nire energia guztia kanalizatzen laguntzen zidan, eta baita nire jenio txarra kudeatzen ere. Zentzu horretan, pilota nolabaiteko ihesbidea izan da niretzat.
Jenio bizia daukazu?
Nire izaerari dagokionez, bilakaera bat jasan dut urteetan zehar. Jenio bizia txikitatik izan dut, bai, baina kirolari esker, pixkanaka, nire emozioak kudeatzen ikasi dut.
Ez zait gustatzen haserreak modu txarrean kanporatzea. Aspektu psikologiko horretan asko zentratu naiz azken urteetan, partida batean atzetik zoazenean ezinbestekoa baita amorerik ez eman eta neurketan sartuta jarraitzea. Mentalitate positibo bat izateak emaitza positiboak ekarri dizkidala ikusi dut.
Zerk eraman zintuen ETBko saioan parte hartzera?
Duela 14 urte Basetxea-ko lehiakide izan nintzenetik, Conquis-era joateko asmoa erabat baztertuta nuen. Oso esperientzia baliotsua izan zen niretzat, baina ez nuen reality batean berriro parte hartzeko beharrik sentitzen.
Kontua da udaran abentura berriak bizitzeko gogoa nuela, eta Erdialdeko Amerikarako bidaia bat prestatzen hasi nintzen. Egun batean, hegaldiak begiratzen ari nintzela, ETBtik deitu zidaten, euren proposamenarekin. Kasualitatea hain handia izan zen, seinale bat zela pentsarazi zidala. Horrelako aukerak aprobetxatu egin behar dira, baina era berean, beldur asko nituen. Bost egunez egon nintzen buruari bueltak ematen, baiezkoa eman nuen arte.
Nolakoa izan da esperientzia?
Aberasgarria bezain gogorra izan da. Esperientzia gisa, oso positiboa, nire buruarengan konfiantza asko indartu duelako.
Zeintzuk izan dira bizitakoaren alde onena eta txarrena?
Alde onena, zalantzarik gabe, nire taldekideak izan dira, maila fisikoan eta pertsonalean apartekoak izan direlako. Alde txarrenari dagokionez, berriz, ezin dut ezer aurreratu.
Gainerako taldeetan bi gizon dira kapitainak, eta zuenean, berriz, bi emakumek duzue ardura hori. Esan beharra dago, oraingoz, zuena liskarrik izan ez duen talde bakarra dela.
Ez hori bakarrik. Gizonak izateaz gain, beste taldeetako kapitain guztiak programan esperientzia izandakoak dira. Baina aipatzen duzunari buruz, izaera kontua dela esango nuke nik. Seletak nerbio handia dauka, proba bakoitzean sutan jartzen da, eta Martixalar oztopo bat da taldearentzako, fisikoki ez dagoelako ondo. Eneko eta David, berriz, oso kapitain onak direla esango nuke, baina nahiko talde zaila egokitu zaiela iruditzen zait.
Niri, nahiko urduria naizen arren, jendeari lasaitasunez eta errespetuz hitz egitea gustatzen zait. Gauzak denen iritziak kontuan hartuz erabakitzea bilatu dut, eta liskarrik ez izaten saiatu naiz, denontzat kaltegarriak direlako.
Kirolari gisa duzun esperientziak lagunduko zizun, behintzat.
Izan daiteke, baina han bizitakoak ez du pilotarekin zerikusirik. Ez dituzu ez probak ez lehiakideak ezagutzen, tentsio izugarria dago eta ezjakintasuna erabatekoa da. Gainera, nekea eta gosea nagusi dira. Une batez ere ez nintzen guztiz erlaxatu etxe baten barruan lehen aldiz lo egin nuen gauera arte. Ia zazpi kilo galdu ditut oso denbora gutxian.
Egun, zertan egiten duzu lan?
Gaur egun hainbat proiektu ditut eskuartean. Batetik, mendi ertaineko gidaria naiz, eta bestetik, emakumeentzako eskalada eta mendi orientazio ikastaroak egiten ditut. Gainera, pilota jaialdiak antolatu ohi ditut ere, betiere emakumeoi dagokigun lekua aldarrikatuz.
Baduzu kirolarekin zerikusia ez duen zaletasunik?
Bidaiatzea asko atsegin dut, eta baita perkusioa jotzea ere. Kaxoi flamenkoa eta tinbala jo izan ditut, nire kabuz ikasita, eta emakumeen batukada batean repinikea jo nuen denbora batez.
HAMABIETAN BERMUTA. Sandwich pintxoa eta ur botila.
Non. Pandora taberna (Gros).
Prezioa: 2,20 euro.