Lasterketa ez dadila eten
Lilatoiak 30 urte betetzen dituen urte honetan, emakume gutxi batzuen eskutik hasitako probaren historiaren errepaso bat egin dugu, 30 urte ez baitira egunero ospatzen. Horretarako, Emakumeen Etxeko antolatzaile beteranoekin elkartu gara, eta baita gaur egungo antolatzaileekin, Donostiako Atletikoko arduradunekin.
Gaur egun gizartean onartuta eta zabalduta dagoen zerbait bada ere, ez ziren batere errazak izan Lilatoiaren lehenengo urteak, jendea ez baitzegoen ohituta emakumeak korrika ikustera eta askok ez zituzten korrikalariak errespetatzen.
Nati Rufo izan zen Lilatoia egiteko ideia izan zuen emakumeetako bat, eta hala azaldu du Asun Urbietak, Emakumeen Etxeko kide eta lasterketako korrikalari beteranoak: “Nati izan zen Lilatoia asmatu zuena. Irlandatik etorri zen, han emakumeen lasterketa bat ikusita, hemen berdina egin behar genuela esanez”. Rufok, bere aldetik, Lilatoia mugimendu feministatik sortutako zerbait izan zela nabarmendu du: “Mugimendu feministatik sortu zen Lilatoia, eta helburu argiak genituen: kale okupazioa eta emakumeen ikusgarritasuna”. Beraz, Rufok eta Urbietak azaldu dutenez, horregatik hasi ziren martxoan egiten, martxoaren 8aren inguruko egitasmo bat izatea nahi zutelako.
Lehenengo urteak zailak izan zirela gogoratu du Urbietak, jendeak, gizonek bereziki, lasterketa ez zutelako errespetatzen: “Kaleak ixtera joan behar izaten genuen, gu geu plastikoekin erdian jarriz, autoak ez pasatzeko, ez baitzuten errespeturik”. Gizonen partetik jasotzen zituzten irainak ere gogora ekarri ditu Rufok, “Nora zoazte hain lodi korrika egitera?» eta “Non utzi dituzue senarrak?” moduko irainak oihukatzen zizkietela azalduz. Gainera, Urbietak gehitu du gizonek irain gisa esaten zutela Lilatoia “lesbianen lasterketa bat” zela. Horren harira, aipatu beharra dago “Lilatoia zergatik?” galdera oso presente egon izan dela gizonen artean, askok ez baitzuten ulertzen zergatik ezin zuten Lilatoian parte hartu, eta zergatik zen beharrezkoa emakumezkoen lasterketa bat. Galdera hori oraindik guztiz ez dela gainditu uste dute Rufok eta Urbietak, eta kirol arloan “berdintasun erreala” lortu arte, ez dela gaindituko. Edurne Martinez Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak, ordea, galdera hori desagertu ez dela pentsatzen badu ere, orain desberdina dela deritzo: “Galdera hori beti egongo da, horren inguruan hausnartu egin behar delako. Baina politena da “zergatik” hori gaur egun ez dela agresibitatearekin galdetzen, hausnarketa puntu batetik baizik”.
Hala ere, irain guztien gainetik, parte-hartzaileen kopurua igotzen joan da urtez urte, lehenengo urteko 130 edo 150 korrikalarietatik hasita, gaur egungo 6.140 korrikalarietara iritsi arte. Igoera hori progresiboa izan zela aipatu du Urbietak, eta emakume kopuru handi batek parte hartzen zuela ikusi arte erakundeek ez zietela babesik eman. Azaldu duenez, 500 korrikalaritik gora izena ematen hasi zirenean, hasi ziren erakundeak Lilatoia babesten. Aldi berean, hori aldatu egin dela eta gaur egun babes handia jasotzen dutela nabarmendu dute bai Urbietak eta baita Rufok ere.
Bestalde, gaur egun parte-hartzaile profil zehatzik ez badago ere, hasieran korrikalari guztiak militante feministak zirela azpimarratu du Urbietak: “Lilatoiarekin hasi ginenean denak feminismoaren ingurukoak ginen, aurreiritzi asko zeudelako, baina gaur egun denetarik dago”. Ildo beretik jo du Martinezek, eta gehitu du emakume askok festa baten moduan ikusten dutela lasterketa: “Emakume asko kirolariak dira, baina beste askok erronka moduan jartzen dute Lilatoia. Hau da, bost kilometro horiek ondo pasatzeko helburuarekin egiten dituzte. Izan ere, kirolariak ez diren ehuneko handi batek ere hartzen du parte”.
Berezia da Lilatoia parte hartzen duten emakume guztientzat, eta lasterketa egunean sortzen den giroan atzematen da hori. Ruforen arabera, Lilatoia ez da inoiz uzten: “Hiru belaunaldi batera korrika egitera iritsi dira: amona, ama eta alaba. Horrek esan nahi du oso berezia dela, eta uzten ez den zerbait dela”.
Berdintasuna lortzeko oraindik lan asko egin behar bada ere, emakumeen kirola ikusaraztea lortu du Lilatoiak. Izan ere, emakumeek espazio publikoa hartzen duten egun bakarra da, kirol arloan behintzat. Erdialdetik 6.000 emakume ikustea “izugarria” dela deritzo Martinezek, eta gizonak kalera ateratzera animatzen ditu, “txalotzera edo boluntario gisa parte hartzera”. Benetan berezia da horrenbeste emakume elkarrekin korrika egiten ikustea Urbietarentzat, eta korrika egitean “emozioa” sentitzen dela adierazi du. Rufo harago joan da, eta “feminismoa ikusi eta sentitu” egiten dela esan du, duela 30 urte sortu zuten lasterketaz harro.
Bost urte Donostiako Atletikorekin
25. Lilatoirarte Emakumeen Etxeak antolatu zuen lasterketa, baina 26.ean Donostiako Atletiko kluba hasi zen antolatzen. Hala ere, Emakumeen Etxearekin elkarlanean jarraitzen dute, dortsalen banaketa egiteko, besteak beste.
Martinezek azaldu du Lilatoiaren izaera feministarekin bat egiten zutelako hasi zirela antolatzen: “Ekitaldi asko egiten ditugunez, lan-dinamika bat dugu jada, eta oso aproposa iruditu zitzaigun Lilatoia, gure filosofiarekin bat egiten duelako”. Haren aburuz, lasterketa antolatzen hasi zirenetik, sendotasuna eman diote : “Emakumeen Etxekoek oso ondo egiten zuten, baina handiegia gelditzen ari zitzaien, eta, agian, ordu gehiago sartzea falta zen, antolaketa aldetik sendotasuna emateko. Horregatik, gaur egun oinarri indartsuagoak dituela uste dut”. Martinezen arabera, lasterketaren izaera feminista mantendu du Atletikok, eta harago joan dira. “Emakumeen Etxekoek ematen zioten xarma mantendu dugu, aldi berean kirol mundura zabalduz”.
Emakumeen Etxekoek onartzen dute lasterketa Atletikok antolatzeak bizitza erraztu diela, baina ikuspuntua beste bat dela uste dute: “Atletikoren abiapuntua desberdina da, ez da feminista izatez”, adierazi du Urbietak. Hala ere, bere garaian jarritako arauak nahikoa errespetatzen ari direla azaldu dute Rufok eta Urbietak: 5 kilometrokoa izatea, emakumeentzat soilik izatea eta dortsalen prezioak herrikoiak izatea, besteak beste.
30. Lilatoia
Aurtengoa, motzagoa izango bada ere –Erdialdeko obrak direla eta ibilbidea pixka bat aldatu behar izan dute, eta 4,7 kilometro izango ditu 5 kilometro izan beharrean–, lasterketa berezia izango da, urteurrena dela eta. Horregatik, hainbat berritasun izango ditu. Martinezek aurten programatu duten zuzeneko musika nabarmendu du: “Beroketaren ondoren, zuzeneko musika izango dugu lasterketaren irteeran, Ezten Giro eta Gabenarako emakumeen taldeen eskutik. Beste edizioekin alderatuta, martxa puntu bat emango diote lasterketaren hasierari, giro polita sortuko dutelako”.
Bestalde, Yuwa erakundekoek ere parte hartuko dute aurtengo Lilatoian, antolakuntzak gonbidatuta, eta sari berezia jasoko dute. Yuwa erakundekoek Indiako Jharkhand nekazaritza eremuko hamar neska gazte ekarriko dituzte Donostiara, hainbat kirol jarduera egin ditzaten. Euren herrialdeko emakumeen egoera aldatzeko tresna gisa kirola erabili dezatela da erakundearen helburua. Izan ere, emakumeen egoera oso txarra da Indiako zonalde horretan, goiz ezkontzera behartzen baitituzte, besteak beste. Horregatik, Lilatoian “haluzinatuta” geldituko direla deritzo Martinezek, horrenbeste emakume korrika egiten ikusita.
Horretaz gain, Gipuzkoako Ogi Berri emakumeen txirrindularitza taldeak irekiko du aurten lasterketa, parte hartuko duen handbike bakarrarekin batera. Gainera, ibilbidean zehar hainbat animazio gune egongo direla azaldu du Martinezek: “Beroketa egingo dugu lehenengo, irteera zuzeneko musikarekin ondoren, 3txulo txaranga Artzain Onaren katedralean egongo da, batukada Kursaalean eta TrikiTxita ibilbidean zehar. Ondoren, sari banaketa egingo dugu, eta LilaPotea trikitilariekin azkenik, hainbat tabernatik pasatuz”. Izan ere, Lilatoia lasterketa bat baino gehiago dela transmititu nahi dutela adierazi du Martinezek, “eguna giro onean pasatzeko aukera bat” dela, hain zuzen.
HITZA TALDEAK 10 URTE
Lilatoiak 30 urte betetzen dituen urte honetan, HITZA taldeak ere badu zer ospatu. 10 urte beteko ditu aurten, eta urtero bezala, eskualde guztietako emakumeek osatuko dute taldea.
90 inguru izango dira aurten HITZA taldeko elastikoa jantziko duten emakumeak, eta denek opari gisa eramango dute kamiseta.
Urte hauetan lagunarte handia sortu da HITZA taldeko korrikalarien artean, beraz, giro ona izango da nagusi.