Nola bizi duzu Lilatoia?
Belaunaldi batetik bestera transmititu den zerbait da Lilatoia; izan ere, adin askotako emakumeek ematen dute izena. 14 eta 60 urte luze bitarteko korrikalariek hartzen dute parte; horregatik, hiru belaunaldi desberdinetako korrikalarien testigantzak bildu ditugu.
MIREN JUARISTI, PARTE ZAHARRA, 25 URTE:
Nola hasi zinen Lilatoia egiten?
Betidanik egin izan dut kirola, eta korrika egitera ateratzeko ohitura dut. Beraz, koadrilan komentatu genuen Lilatoia egiteko aukera, eta animatu ginen. Aurtengoa nire laugarren urtea izango da.
Zergatik egiten duzu Lilatoia?
Feminismoa eta emakumeen presentzia kirolean aldarrikatzeko egiten dut, bereziki. Izan ere, gizonek kiroletan duten presentzia emakumeena baino askoz nabarmenagoa da oraindik, eta emakumeak eta kirola lotzeko helburua du Lilatoiak. Hau da, emakumeok kaleak hartzea, kirola egin nahi dugula ikusaraztea, eta emakumeak kirola egitera animatzea eta ausartzea.
Zer sentitzen duzu Lilatoia egiterakoan?
Talde sena sentitzen dut. Hau da, emakume guztiak talde gisa borrokatzeko eta aurrera egiteko helburuarekin ikustean, taldeak duen garrantzia sentitzen dut. Oso egun polita dela iruditzen zait, giro oso alaia egoten delako.
Gizarteak Lilatoia onartu du?
Oraindik jende askoren partetik gatazka edo eztabaida bat dagoela uste dut, gizonen parte hartzearen harira. Baina nire ustez, emakumeei protagonismoa emateko aukera bat da, modu sinbolikoan bada ere. Ez diogu zertan emakumeak talde gisa ikusteari beldurrik izan behar. Berdintasunaren alde emakumeok eta gizonek borrokatu behar dugu, baina ez diot gauza txarrik ikusten Lilatoian emakumeok bakarrik parte hartzeari.
ARRATE L. GARATE, INTXAURRONDO, 30 URTE:
Nola hasi zinen Lilatoia egiten?
Duela zazpi urte hasi nintzen, nire ahizparekin eta lagun batekin batera. Lilatoia lehendik ezagutzen genuen, eta emakumeen kirola aldarrikatu nahi genuenez, korrika egiteko gogoa piztu zitzaigun.
Beraz, motibazio feminista batekin egiten duzu?
Bai, emakumeen presentzia kirolean aldarrikatzeko. Gainera, kirolariak ez diren emakumeentzako kirola egiten hasteko aitzakia izan daiteke. Izan ere, bost kilometroko lasterketa bat egitea nahiko erraza da, eta emakume gehienok egin dezakegu.
Zer sentitzen duzu Lilatoia egiterakoan?
Oso festa polita iruditzen zait: emakume guztiak korrika egiten, gizonak animatzen… Oso lasterketa musikatua da eta oso pozgarria iruditzen zait. Horregatik, oso ondo pasatzen dut egun guztian zehar, bai irteeran eta baita helmugan ere, oso giro polita egoten delako. Azkenean, sentsazioa da behingoz emakumeak garela lasterketako protagonistak, gizonek emakumeok baino presentzia gehiago baitute beti kirolean.
Emakumeek kirol arloan espazio publikoa hartzen duten egun bakarra da.
Bai, egun bakarra da emakumeok Donostiako kaleak okupatzen ditugula, martxoak 8ko manifestazioa kenduta. Baina Lilatoiarekin feminismoa eta kirola aldarrikatzen ditugu aldi berean. Horregatik, oso egun berezia, eta batez ere beharrezkoa dela iruditzen zait.
MARIU EUZKIZA, PARTE ZAHARRA, 65 URTE:
Zenbat denbora daramazu Lilatoia egiten?
1995. urtean hasi nintzen egiten.Urte batzuetan ezin izan dut egin, ez dakit zergatik, baina gutxi gora behera 20 aldiz egin dut. Eta aurten ere aterako naiz, noski.
Nola hasi zinen?
Ni ez nintzen korrikalaria, baina Behobia-Donostia egiten zuten lagunak nituen, eta nik ere horrelako lasterketa bat egiteko erronka jarri nuen. Beraz, Behobia bat egin nuen lehenengo, San Silvestre bat ondoren, eta gero Lilatoietan apuntatzen hasi nintzen. Baina nik ez dut bakarrik kausa feminista baten moduan ikusten, emakumeek kirola egiteko aukera baten moduan ikusten dut, kirola egitera animatzeko eta ausartzeko.
Nola erreakzionatzen zuen jendeak hasieran?
Ez zen ia inor joaten ikustera, argazkietan ikusten da. Gaur egun, ordea, asko animatzen zaitu jendeak. Bestalde, hemengo animazioa berezia da, ez dut beste inon ikusi. Vienan, esaterako, 30.000 emakumek egiten dute korrika, eta hemen baino askoz jende gutxiago egoten da animatzen.
Zer sentitzen duzu Lilatoia egitean?
Poz handia ematen dit Lilatoia egiteak. Emakume artean korrika egitea asko gustatzen zait, berdin zait zer emakume mota, nongoak diren… Asko gustatzen zait. Laguntasun gehiago dago, emakumeek korrika egiten dutenean irribarre egiten dute eta giroa askoz atseginagoa da, gizonek serioago egiten dute.