Ronald Reagan hirian izan zenekoa
1985eko maiatzaren 5ean, AEBetako 40. presidentea Donostiako kaleetatik ibili zen, kapotarik gabeko Citroen 2CV batean eta bere armadaz lagundurik. Egun hartakoa antimilitaristek NATOn sartzearen aurka hirian eginiko ekintza xelebreenetariko bat izan zen.
Operazio ikusgarria izan zen. Hamarnaka txalupatan banaturik, goitik behera soldaduz jantzitako 300 bat ‘marinek’ Aquariumetik hondartzarako bidea egin zuten, suziriak botaz eta txaranga baten musikarekin. Lehorreratzean, ehunka herritarrek ura eta hondarra botatzen erantzun zieten militar xelebreei, baina borrokan inbaditzaileak nagusitu ziren. Donostia hartuta zutela, Ronald Reagan AEBetako presidenteak agerraldia egin zuen udaletxe parean, kapotarik gabeko Citroen 2CV batean hirian barrenako pasealdia abiatuz. Agintari faltsuaren atzetik, Askatasunaren Estatuak, zangaluzeek eta asto batek osatzen zuten, besteak beste, martxa presidentziala.
Euskal Herriko talde antimilitaristek NATOn sartzearen aurka eginiko ekintza ikusgarrienetariko bat izan zen egun hartakoa, baina ez zen bakarra izan. Izan ere, 1983tik 1986ko erreferendumera bitarte, ekintza aldarrikatzaile ez-biolento ugari egin zituzten lurraldeko hainbat herritan. Hala nola, Iruñean AEBetako presidenteari (faltsua hau ere) harrera ekitaldia egin zioten baita, Welcome Mr. Donald lelopean eta Ku Klux Klaneko kideekin batera. 1986ko martxoan, berriz, erreferenduma baino bi egun lehenago, NATOren aurkako itzalialdi nazionala egin zuten hamar minutuz Euskal Herri osoan zehar, denbora tarte horretan kanpai-hots, suziri eta kazolakadekin izugarrizko burrunba sortuz.
Aliantzan sartu edo ez erabakitzeko erreferendumean, ordea, baiezkoak irabazi zuen, Hego Euskal Herriko hautesleek, Herrialde Katalanekoekin eta Kanarietakoekin batera, ezezko garbia bozkatu zuten arren. Donostiako manifestazio hura ere ez zen ondo amaitu, Gobernu Militarraren egoitzara iristerakoan (Goikoa Jauregia), polizia herritarren aurka oldartu egin zelako.
Gauzak horrela, edonork pentsa lezake orain 34 urteko manifestazio hark gutxirako balio izan zuela. Izan ere, nork esango luke orduan, Reaganen marineek Kontxan eginiko lehorreratzeak urteen buruan Donostiako Piraten abordatzearen sorrera ekarriko zuela.