Antiguako inudeak eta artzainak, iruditan
Antiguan jai giroan pasa dute goiza, Antiguotarrak dantza taldeko Inude eta artzainen konpartsak auzoko kaleetatik egin duen desfileari esker.
Inauteriak direla eta, hiriko txoko eta auzo guztiak jaietan murgilduta dabiltza asteburu honetan. Antiguan ere, jai giroan pasa dute gaur goiza, Antiguotarrak dantza taldeko Inude eta artzainen konpartsari esker. Alfontso XIII.enaren plazan hasi dute desfilea eta auzoko kaleetatik barrena ibili dira dantzariak, danborradakoak eta pertsonaia desberdinez mozorrotutako konpartsako kideak.
Ibilbidea Mikel Laboa plazako frontoian amaitu dute, eta han omenaldia egin diete Iraunkorrak txarangakoei, izan ere, 25 urte bete dituzte aurten. Antiguotarrak taldeko hainbat kidek agurra dantzatu diete, eta lore sorta batez haien esker ona adierazi diete, urtez urte auzoko ospakizunetan parte hartzeagatik.