Donostiako greba feministaren nondik norakoak aurkeztu dituzte
Donostiako mugimendu feministak mosaiko erraldoia egin du Zuloaga plazan, martxoaren 8ko hiriko greba feminista aurkezteko.
Zuloaga plazan mosaiko erraldoia egin du Donostiako mugimendu feministak, hiriko greba feminista aurkezteko. ‘M8’ handi bat irudikatu dute San Telmo Museoko plazan, eta ondoren, hirian grebak izango dituen ezaugarriak azaldu dituzte. Irati Elizalde Donostiako Bilgune Feministako kideak eta Maite Arregi Alderdi Ederreko pentsiodunen elkarteko kideak hitz egiten dute mugimenduaren izenean, eta jakinarazi dute martxoaren 8an bizitza eusten duten lanak utzi, eta kaleak masiboki hartuko dituztela, “bestelako eredu politiko, ekonomiko eta sozial bat aldarri hartuta”. Bost ardatzetan oinarrituko dute greba: zaintza greba, enplegu greba, pentsiodunen greba, ikasleen greba eta kontsumo greba.
Elizaldek gogoratu du iazko martxoaren 8an “historia” egin zuela greba feministak, baina gogor kritikatu du erakunde publikoen erantzuna: “oro har, ez da jendarte honek behar eta eskatzen duen tamainakoa izan”. Erakunde publikoei konpromisoz jokatzeko eskaera egin die Arregik, eta gaineratu du politika feminista ausart eta eraginkorrak beharrezkoak direla.”Martxoaren 9tik aurrera, emakumeok* grebagatik zoriondu baino, horiek betetzeko konpromisoa har dezatela eskatzen diegu erakunde publikoei”, esan dute.
Euskal Herriko mugimendu feministak aldarrikapen zehatzak planteatu ditu martxoaren 8ko grebari begira, eta horiek betetzeko, hiriko kaleak hartuko dituzte 24 orduz martxoaren 8an. Bizitzak erdigunean jartzeko neurriak proposatu dituzte, baita bizitza prekarioen aurkakoak ere. Indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak aldarrikatuko dituzte, eta zentralitatea izango dute arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzen aldeko aldarrikapenek. “Kolonialismoaren aurrean gure gorputza, lurraldea eta lurra defenda ditzagun”, esan dute feministek.
Donostiako egitaraua
Goizeko 10:00etan, gurpilen gaineko martxa bat egingo dute Martuteneko kartzelatik abiatuta, eta bi geldiune egingo dituzte: lehena, 10:30ean Usandizaga institutuan, eta bigarrena, 11:00etan Epaitegian. 12:00etan elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dituzte Bulebarreko kioskoan, eta ondoren, “tupper bazkaria” egingo dute Plaza Berrian. 19:00etan manifestazioa Antiguako tuneletik Bulebarreraino. “Musika subertsiboarekin amaituko dugu eguna, gure iraultzaren doinuekin dantza eginez”, gaineratu dute.
Aipatutako ekintzak izango dira ardatz hirian, baina egun osoan zehar ekintza ugari antolatu dituzte auzoetan. Bihar, martxoaren 3an, informazio puntua jarriko dute Amara Berriko Isabel II.a kalean, eta astelehenean, hilak 4ean, Ferrerias plazan.
IRUTXULOKO HITZAk greba feministaren jarraipen berezia egingo du, eta auzoetako egitarauen berri emango du webguneko atal berezi batean.