Eskusaitzeta industrialdea garatzeko akordioa sinatu dute
Gipuzkoako industrialde publiko handiena izango da Eskusaitzetakoa. Hala iragarri dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Bi erakundeen sinaturiko akordioari esker industrialdea garatu eta merkaturatuko dute.
Orotara, milioi bat metro inguru izango ditu Eskusaitzeta industrialdeak. Iazko urte bukaeran Sprilur enpresak partzelak –487.000 metro koadroko azalera gordina– erosi zizkion EAEko administrazioari, gero garatzeko asmoz. 328.101 metro koadroko partzelak sortuko dira jarduera industrialerako eta hirugarren sektorerako, Sprilur izango delarik 129.185 metroren titularra –117.067 eraikigarri–.
Sprilur enpresak dio 2024ra arte 22 milioi euro inguruko inbertsioa egingo duela Eskusaitzeta industrialdea urbanizatzeko eta garatzeko. Udalak, berriz, 27 milioi euroko inbertsioa egin du dagoeneko.
Hitzarmenaren bidez, bi erakundeek hartu dute abian dauden urbanizazio lanen plangintza. Hemendik gutxira adjudikatuko dituzte 10 partzelatarako errepideak egiteko lanak. 2020ko abendurako bukatuta egotea aurreikusten dute.