Greba feministaren egitaraua aurkeztu dute Parte Zaharreko feministek
Martxoaren 8rako egun gutxi falta dira eta Donostiako hirietako asanbladak grebarako prestatu dituzten jardueren eta ekintzen berri ematen hasi dira. Aurten, grebaren egunerako indarrak eta fokua deszentralizatu nahi izan dituzte, eta auzoetako dinamikak eta mobilizazioak indartu dituzte.
Parte Zaharreko feministek auzoko kaleetatik zehar kalejira informatiboa egin zuten joan den astean, auzoa grebarako prestatzen joan eta auzotarrei egitarauaren berri emateko. Aurtengoa 24 orduko greba izango denez, 00:00etan jarriko dira martxan martxoaren 8an, eta kazerolada egingo dute. Goizean goiz kalera Parte Zaharrekoak, eta 9:30ean gosaria egingo dute. Ondoren, 10:00etan Tai Chi saioa eta material prestaketa egingo dituzte. 10:30ean kalejira egingo dute auzoko kaleetatik, eta Sarriegi plazan hasiko dira. Ondoren, Bretxa azokara joango dira, eta handik, Abuztuak 31 kalera, bertso batzuk abesteko. Santa Maria elizara joango dira gero, eta azkenik Kijera gaztetxera joango dira.
12:00etan Bulebarreko elkarretaratzean bat egingo dute hiriko gainerako auzoetatik datozenekin, eta 14:00etan bazkaria egingo dute Plaza Berrian (Kijerako gizonek prestatuko dute bazkaria). 17:30ean meriendatzeko elkartuko dira plaza berean, eta elkarrekin abiatuko dira Antiguara, 19:00etako manifestaziora batzeko. Azkenik, iluntzean, DJen musikarekin dantza egingo dute Bulebarrean.