Indarkeria matxistari buruzko gogoeta bultzatzeko erakusketa inauguratu dute Anoeta estadioan
Ateak erakusketa ibiltaria sortu dute hainbat artistek, 2018an indarkeria matxistaz “Espainian eraildako emakumeak” gogoratu eta omentzeko. Lana hainbat artistek ateetan egindako 47 obrek osatzen dute, ate bat hildako emakume bakoitzeko.
Erakusketa ibiltariaren lehen geldialdia Anoetako estadioa izan da, hain zuzen, atzo inauguratu baitzuten, Realaren eta Atletico Madrilen arteko partidaren egunean. Gaurtik aurrera, aldiz, Donostiako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta Gipuzkoako Aldundiaren Jauregiko arkupeetan jarriko dira ateak, eta han egongo dira, martxoaren 8ra arte. Ondoren, martxoaren 11tik 31ra arte, Ateak herritar guztiek ikusi ahal izango dituzte Tabakalera Plazan. Erakusketa doakoa izango da.
Ateak artelana Dimension agentziak sortutako proiektu artistiko bat da, eta haren helburua “genero desberdintasuna edo tratu txarra ezkutatzen dituzten eguneroko egoerak gizarteari aurrez aurre jartzea” da; hala, estatistikak humanizatu, indarkeria matxistaren biktimen oroimena aldarrikatu, eta gaiari buruzko elkarrizketak bultzatu nahi dira, artea tresna gisa erabilita.
Honakoak dira erakusketan parte hartu duten artistak: Judas Arrieta, Guille Viglione, Angela Alonso, Marcos Navarro, Marc Pe, Sortwo, Higinia Garay, Eva Mena, Fortun, Junita Makina, Veronica Werckmeister, Diego Besne, Ibai Maritxalar,Irantzu Lekue, Oscar Casla, Susi Quiu, David Tavares, Susana Blasco, Imanol Andonegi, Juan Alvarez, Amaia Arrazola, Nagore Olarra, Txemy, Woody James, Pin dbr, Xabier Anunzibai, Goretti Aranburu, Aritz Kabe, Gato Urbistondo, Natalia Albeniz, Laura Miner, Mari Matraka, Maria Rios, Ramon Zabalegi, Nerea Urrestarazu, Abel Barcenilla, Belen Lucas, Haizea Merino, Miryam Artola, Iñaki J. Areizaga, Naiara Palacios, Rosario Cornejo, NagoreLegarreta, Balu, Iñaki G. Holgado, Paoletta Balmelli, eta Garikoitz C. Murua. Era berean, erakusketan lagundu dute Realak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Tabakalerak.
Datuak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 4.565 emakumek dute Ertzaintzaren babesa, indarkeria matxistaren biktima gisa; horietatik 1.472k Gipuzkoan. Halaber, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Bulegoaren datuek adierazten dute Espainian, 700.000 emakumek nozitzen dituztela tratu txarrak urtean. 2003tik 2017ra, gutxienez, 921 erailketa matxista izan ziren.