Jendartelana asanbladak agerraldia egin du Intxaurrondon
Pasa den astean aurkeztu zuten Jendartelana, esku hartze sozialeko langileen asanblada. Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko III. hitzarmenaren negoziazioaren alde borrokatzeko helburuarekin elkartu dira, eta sektore berean diharduten pertsonei batzera deitu diete. Gaur goizean, agerraldia egin dute Intxaurrondon, Txara egoitzen parean.
Asanblada sortzeko arrazoiak ematearekin batera, sektoreak zein hobekuntza behar dituen azpimarratu dute. Izan ere, bizi duten egoera prekarioa da langileen txandaketa eta lan arriskuen prebentzio ezarekin.
Bigarren hitzarmena iraungitzear da, eta hirugarrenaren negoziazioetan daude. Hasi orduko izan dituzte oztopoak; Hedatzenek, Gipuzkoako Gizarte Ekimeneko eta Esku Hartzeko Entitateen Elkarteak “lan baldintzetan atzera egitea proposatu du”: lan osagarrien kenketa, lanerako ezintasun iragankorren atzerapena, aitatasun-baimena legezko gutxienekora murriztea eta zigor erregimena gogortzea, besteak beste.
Neurriek haserrea eragin dute sektorean eta sindikatuen artean ez da adostasunik egoerari irtenbidea emateko. LAB, ELA eta CCOO sindikatuek dute sektoreko ordezkaritza. Desadostasunak eragin du Jendartelana langileen asanblada sortzea. Bi ekintza ildo nagusi onartu dituzte: batetik, Hedatzen patronalaren asmoei aurre egitea eta hitzarmen duinaren aldeko lana, eta bestetik, sindikatuen eta asanbladaren arteko batasuna sustatzea.
Mobilizazio fase bati hasiera eman diote hainbat ziklotan antolatuta. Lantokietan sinadura bilketa bikoitza egingo dute sindikatuen arteko elkarlana eskatzeko eta aurkeztu diete proposamenari uko egiteko. Horrekin batera, sindikatuekin elkartzeko eskaera bat egin dute hurrengo egunetarako mobilizazio bateratuaren planteamendua zehazteko: “gure arrazoiak aurkezteko, proposamena erretiratzeko eta aurreikusitako neurriak azaltzeko, proposamena erretiratu nahi izanez gero”.