Udalak adierazpena egin du larunbateko sexu erasoaren harira
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatutakoaren arabera, 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat goizean Ertzaintzak, sexu erasoak egitea egotzita. Jakinarazitakoaren arabera, erasoaren abisua jaso eta berehala izan zen atxiloketa, eta atxilotu ondoren, epaileen esku utzi zuten gizona. Segurtasun Sailak ez du informazio gehiago zabaldu.
Donostiako Udalak talde politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzionala egin du gaur, sexu erasoa gaitzesteko:
Pasa den asteburuan Donostian izan den eraso matxistaren aurrean Udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri hau jaso duen pertsonari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak emakumezkoari eskainiko dio Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.