Astean zehar greba feministarekin lotutako jarduerak egingo dituzte Egian
Martxoaren 8rako astebete falta da eta Donostiako hirietako asanbladak grebarako prestatu dituzten jardueren eta ekintzen berri ematen hasi dira. Aurten, grebaren egunerako indarrak eta fokua deszentralizatu nahi izan dituzte, eta auzoetako dinamikak eta mobilizazioak indartu dituzte.
Egian, belaunaldi desberdinetako emakumeak elkartu dira azken hilabeteetan, greba feministaren nondik norakoak definitzeko. Martxoaren 8an 24 orduko greba egingo dute, baina aurretik, grebarekin lotutako jarduerak egiten ari dira dagoeneko. Joan den martxoaren 1ean informazio gunea jarri zuten Plaza Haundin, eta koadro erakusketa eta olerki irakurketa egin zuten Dandai elkarteko emakumeek kultur etxean.
Bihar, martxoaren 6an, amantalak egiteko saioa egingo dute 17:30ean Plaza Haundin, eta martxoaren 7an, ohiko enkartelada egingo dute, “emakume* presoekin” bat egiteko. 20:00etan hasiko da Plaza Berrin. Egiako greba feministako kideek auzotarrak animatu dituzte amantala balkoian zintzilikatzera eta besoko morea jartzera, grebarekiko elkartasuna adierazteko.
Hona hemen Egiako greba feministaren egitaraua:
- 00:00 Hasi da greba! Kalejira zaratatsua, ekarri zure lapikoa. Batu zaitez Plaza Haundin edo zure balkoian.
- 8:00 Esna dezagun auzoa. Egiako emakumeok* grebarako prest! Auzo buelta, Plaza Haunditik abiatuko gara.
- 10:00 Salda beroa. Goxa dezagun gorputza! Plaza Haundin
- 11:15 Zutabea Bulebarrera. Plaza Haundin bilduko gara, batu ditzagun indarrak!
- 12:00 Elkarretaratzea Bulebarrean. Zaintza erdigunera!
- 14:00 Har dezagun plaza. Auzoko emakumeon* bazkaria Plaza Haundin, ekarri tuperra! Eta ondoren… bazkaloste girotua.
- 18:00 Zutabea Antiguara Plaza Haunditik abiatuta.
- 19:00 Manifestazioa. Heteropatriarkatu kapitalistari planto!
- 22:00 Emakumeon* afari herrikoia