Martxoaren 8ko greba feministarekin bat egingo du udalak
Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Berdintasuneko zinegotziak martxoaren 8ko greba feministan parte hartzera deitu du. Greba deialdiarekin bat egin zuen Berdintasun kontseiluak, otsailaren 20an egindako bileran.
“Prebentzioan eta talde babesean sinesten dugu, horregatik Autodefentsa Feministaren lan ildoaren jarraituz 2 saio antolatu dira. Lehena Martxoaren 30ean gazteleraz eskainiko du Isa Bernalek. Saio hau emakume guztiei dago zuzenduta. Bigarrena apirilaren 6an Emaginek eskainiko du euskaraz, 13-16 urte bitarteko neskei zuzenduta”, azaldu du Agirrezabalagak. Bi saioak Emakumeen Etxean egingo dira, Okendo kaleko 9. zenbakian –10:30-14:30 eta 15:30-19:30–.
Udaleko Gazteria sailak eta Donostia Kulturak ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Gazteriak Haurtxoko, Gazteleku eta Etxarrienen adin txikikoei eta gazteei zuzendutakoak, eta Donostia Kulturak, Kultur etxeetan hainbat erakusketa, lantegi eta hitzaldi antolatu dituzte Emakume Elkarteekin batera.
“Zaintza lan ordainduetan eta ez ordainduetan ematen diren egoerak azaleratu nahi dira aurten, baita ere sistema publikoaren ardurapekoak direnak. Mugimendu feministak, zaintza lanak antolatzeko gizartearen berrantolaketa aldarrikatzen du, zeharlerroa izatea gai hau, eta zaintza lanak menperatuen dauden pertsonen eskubideak ez urratzea”, adierazi du Agirrezabalagak.
Zaintza Lanen plataforma 11 elkartek osatzen dute. Plataformak hausnarketa guneak antolatu ditu egoera hauetaz, etxeko langileak eta ordaindutako lanen egoerak ezagutzeko. Jardunaldi desberdinetan parte hartu du eta Donostiako Emakumeen Etxearekin, Berdintasun Sailarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin lanean dihardu.