Zinema Eraikitzen sailaren 35. edizioan parte hartuko duten filmak hautatu dituzte
Txileko, Argentinako, Costa Ricako, Brasilgo eta Mexikoko sei film izango dira Zinema Eraikitzen sailaren 35. edizioan parte hartuko dutenak. Donostiako Zinemaldiak eta Cinelatino, Rencontres de Toulouse zinema jaialdiek antolatutako saila da Zinema Eraikitzen, Latinoamerikako zinema babesten duena. Hilaren 28 eta 29an egingo dute, Cinelatino, Rencontres de Toulouse jaialdiaren barruan.
Aurreko urteetan Zinema Eraikitzen sailean aurkeztutako hainbat filmek arrakasta izan zuten beste jaialdietan ere, hala nola, Beatriz Seignerren Los Silencios filma, Canneseko azken zinema jaialdian hautatua izan zena, eta Aly Muritibaren Ferrugem / Rust filma, 32. Zinema Eraikitzen sailean industriaren saria irabazi ostean, Sundanceko jaialdian hautatua izan zena.
Aurtengo edizioan 17 herrialde desberdinetako 168 filmek eman dute izena Zinema Eraikitzen sailean, eta hauek izan dira hautatutako seiak: Algunas bestias (Jorge Riquelme Serrano; Txile), Blanco en blanco (Theo Court; Txile, Espainia, Frantzia, Herbehereak), Ceniza negra (Sofia Quiros; Costa Rica, Frantzia, Argentina, Txile), Helen (Andre Meirelles Collazzi; Brasil), La muerte no existe (Fernando Salem; Argentina) eta Sobre la estabilidad de los 3 cuerpos (Carlos Lenin; Mexiko).