Donostia Energia egitasmoa aurkeztu du Reyes Carrerek
Udal hauteskundeei begirako lehen proposamena aurkeztu du Reyes Carrerek, EH Bilduren Donostiako alkategaiak. Energia merkaturatuko duen Donostia Energia udal enpresa sortzea proposatu du Alderdi Ederren egindako ekitaldian.
Energia eredu iraunkor eta burujabe baterako bidean aurrerapauso moduan aurkeztu du Carrerek: “Helburu nagusi bat izango du: argindarra handizkien merkatuan erostea, bitartekaririk gabe, udala bera eta haren organismo guztiak zein beste eragile batzuk hornitzeko”. Bartzelonan antzeko esperientzia bat abian jarri duela gaineratu du, Barcelona Energia izenekoa.
Donostia Energiak zuzenean erosiko du argindarra merkatuan, eta lehenik, udal azpiegiturei eta zerbitzuei salduko die –kaleko argiztapena, kiroldegietako eta bestelako egoitzetakoa, …–, eta bigarren fase batean herritarrei ere. “Udal merkaturatzaile bat sortzeak, zuzenean, Donostiaren burujabetasuna handiko du. Lehenik, bitartekariek eraman ohi duten etekina, %5 ingurukoa, aurreztu egingo du udalak. Horrek, urtero, 200.000 euro inguruko aurrezkia suposa dezake gutxienez udalarentzat: hamar urteko epean, 2 milioi euro”.
Udalak 25 gigavatio inguruko kontsumoa du urtean. “Donostia Energiak kontsumo hori bermatuko du. Baina Europako araudiak, ondorengo fase batean, kontsumo horren %20 gehiago partikularrei saltzeko aukera ematen die udal merkaturatzaileei. Hiriko 2.000 etxebizitza hornitu ahal izango ditu”, nabarmendu du Carrerek.
Donostia Energiaren beste zutabeetako bat energia berriztagarriak izango dira. “Erosi eta merkaturatuko duen energia guztia berriztagarria izango da”. Enpresa horren sorrera erraza dela esan du EH Bilduren alkategaiak. “Espainiar Estatuan 400 merkaturatzaile daude, eta Gipuzkoan lau ditugu; horietako bi, Donostian”.
Energia eredua
Hiriko zein Euskal Herriko energia ereduak mendekotasuna eta sostengaezintasuna duela azpimarratu du. “Batetik, EAEn kontsumitutako energiaren %92,9 kanpotik ekarritakoa da. Bestetik, gurean kontsumitzen den energia gehiena nuklearra eta erregai fosiletatik eratorritakoa da”. Horri aurre egiteko proposamena da Donostia Energia. “Hiriak eragile aktiboa izan behar du trantsizio energetikoa sustatzeko eta eredu burujabe zein iraunkor bat ezartzeko. Erronka handia da, dudarik gabe, eta mundu mailakoa”, azaldu du Carrerek.
Estrategia orokor baten barruan kokatzen du proposamena EH Bilduk. Hiru zutabetan oinarrituta dago: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak eta kudeaketa publikoa, energia ondare publiko eta estrategiko gisa hartuta.