Edertasunaren bila Van Goghen eskutik
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘AT ETERNITY’S GATE’
Zuzendaria: Julian Schnabel
Urtea: 2018
Herrialdea: AEBak eta Frantzia
Vincent Van Gogh margolariaren bizitzak artista madarikatuek dituzten ezaugarri guztiak ditu: desira, pasioa, bizitza zaila, bere arterik gabeko bizitza ez ulertzea, jeinutasuna, sorkuntza mugagabea, gizartearen onespen eza eta, tarteka, gaitzespena, hil osteko esker ona, heriotza misteriotsua… Horrek guztiak ez dio gure gizarteari ihes egin eta zineak, kulturalki espresio masiboa izanik, amua askotan irentsi du. Eta nolabait, Van Gogh film biografikoetan azpigenero bihurtu dela dirudi.
Gaurdaino, ugari dira margolari holandarra protagonista gisa irudikatu dituzten filmak (film labur eta luzeak telebistarako filmak edo doku-dramak barne), baina sei izan daitezke aipagarrienak: Lust for Life (Vincente Minnelli, 1956); Vincent and Theo (Robert Altman, 1990); Yume (Akira Kurosawa, 1990, Beleak atala); Van Gogh (Maurice Pialat, 1991); Loving Vincent (Dorota Kobiela eta Hugh Welchman, 2017) eta At Eternity’s Gate (Julian Schnabel, 2018). Guztiak oso modu desberdinean irudikatzen dute margolaria, eta aktoreek era askotako antzezpenak aurkeztu dituzte ere (Kirk Douglas, Tim Roth, Martin Scorsese, Jacques Dutronc, Robert Gulaczyk eta Willem Dafoe dira, hurrenez hurren, aipatutakoen protagonistak).
Aste honetan, zinema aretoetara iritsi den azkena, At Eternity’s Gate, Julian Schnabelek gauzatutako erretratu oso pertsonala da. Eta ez bakarrik zerbait berria erakusten digulako (aipatutako film gehienek originaltasuna bilatzen dute artista irudikatzean), margolaria den batek Van Goghi buruzko film bat gauzatu duelako ere lehen aldiz. Artista moduan Schnabel Van Goghen atzealdea litzateke, batez ere esker onari dagokionez, newyorktarra aspalditik arte munduan ospea (eta dirua) duelako, eta holandarrak, jakina denez, bizi artean ez zuen ia koadrorik saldu.
Filmak egin dituen bakoitzean, bere ukitu pertsonala eman die beti Schnabelek, eta gehienetan pertsonaia bitxi baten inguruan sortuak izan dira (Basquiat margolaria, Reinaldo Arenas idazlea edo Jean-Dominique Bauby editorea). Horrek ez du esan nahi lan hauek zinema ikuspegitik ondo egituratuak daudenik; plastikoki espresatzen den artista batek zinean ez baitu lengoai estetiko berdina erabiltzen. Schnabelek, estetikari dagokionez, gustu ikaragarria du, eta hori aipatutako filmen forman hautematen da. Baina narrazioa ez denez beti sorkuntza maila berera iristen, nahasmena sortarazi dezake.
At Eternity’s Gate filmak ez du Van Goghen bizitza guztia berrikusten, bere azken urteetan oinarritzen da, hau da, sorkuntzaz blai izan ziren une horietan (Arles, Saint-Remy eta Auvers-sur-Oise, aski ezagunak margolariaren lanagatik). Hala ere, lehen aipatu bezala, Schnabelek hurbilketa pertsonala egin nahi izan du, historia ofiziala alde batera utziz eta «Van Goghen bizitzan sentitzen nituen funtsezko uneak» azalduz.
Horregatik ez da harritzekoa filmaren bukaeran Van Goghen buru-hiltze ospetsuaren teoria baztertzea eta azken urteotan agertu den teoria berri bati ateak irekitzea. Dena dela, Schnabel ez da sentsazionalista bat, eta ez dio aparteko garrantzirik ematen pasarte horri.
At Eternity’s Gate filmean bi atal dira gehien balioetsi ditzakegunak: Willem Dafoe aktoreak sortzen duen sekulako antzezpena (fisikoki eta emozionalki gaindiezina, sari guztiak eraman beharko lituzke), eta Schnabelek duen gustu estetikoa, bai paisaietan (Van Goghek bisitatutako benetako lekuak ikusten ditugu), bai margolanetan (margolariaren ekintza fisiko eta plastikoa agertzen da sinesgarritasunez).